Etzi, zapatua, Domusa Teknik 40 MLK lasterketa jokatuko dute Azpeitian, eta horren harira, Gure Eskuk ikurrinak plazara ateratzeko deia egin du. Halaber, probako hainbat boluntariok eta korrikalarik ere bat egin dute herri ekimenaren aldarrikapenekin; argazkia atera dute atxikimendua agertzeko.
Herritar horiek azaldu dutenez, Euskal Herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea dauka, eta Euskal Herri libre bat aldarrikatu dute. Horregatik, herritarrei eta proba ikusten izango direnei korrikalariak ikurrinak eskuetan hartuta animatzeko deia egin diete. Gainera, 13:15ean plazan egingo duten egitasmoan parte hartzera deitu dituzte horiek.