Azpeitiko palistek bihar, ostegunarekin, jokatuko dituzte Herriarteko Txapelketako final laurdenetako partidak Betharrametako frontoian. 20:00etarako jarri dute hitzordua, eta Ilunpeko palistek Debakoak izango dituzte aurrez aurre. Ez dute, ordea, lan erraza izango azpeitiarrek; joaneko lehiak galdu egin baitzituzten horiek.
Azpeitiko ordezkariek joan zen igandean hasi zuten larruzko paletako eta pala motzeko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako ibilbidea. Deban ekin zioten lehiari, baina ez zuten nahi zuten emaitza lortzerik izan; Ilunpeko erreminta saileko ordezkariek 2 eta 0 galdu zuten joanekoan.
Bestalde, Azpeitiak Alegian jokatuko ditu Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final zortzirenetako joaneko partidak, ostiralean. Ilunpeko pilotariek 19:00etan dute hitzordua, Alegiako frontoian, eta kanporaketa bereganatzen saiatuko dira. Itzulerako partidak hurrengo asteburuan jokatuko dituzte, Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan; eguna eta ordua zehazteko dituzte oraindik.
Esku pilotariek joan zen astean lortu zuten final zortzirenetarako txartela, Aduna aise gaindituta. Hain zuzen ere, joaneko partidetan Adunari 0-3 irabazi zioten final hamaseirenetako joanekoa, eta itzulerakoan, etxean, 2 eta 1 nagusitu zen Azpeitia.