Estarriaga eta Teixeira nagusi izan dira aurten ere Errekortarien Uztai Txapelketan

Usua Garin 2025ko mai. 19a, 11:32

Xabier Iturralde ezin izan zen lehiatu azkenean, lesio bat tarteko, baina denboraldiko lanagatik Kalian Gorakoen aitortza jaso zuen azpeitiarrak atzo zezen plazan.

Egoitz Albizuri Iherra zenaren omenezko Errekortarien III. Uztai Txapelketa jokatu zuten atzo arratsaldean zezen plazan, eta iazko garaipena berritu zuten Asier Estarriaga eta Edgar Teixeira nafarrek.

Hasieran iragarritako bikoteen zerrendan aldaketak izan ziren, eta huts egin zutenetako bat herriko errekortaria izan zen. Izan ere, Asier Iturralde ezin izan zen lehiatu azkenean herrikideen artean, lesio bat tarteko, baina denboraldiko lanagatik aitortza jaso zuen azpeitiarrak atzo zezen plazan, jaialdia antolatu zuen Kalian Gora elkartearen eskutik.

Hauek izan ziren txapelaren bila lehiatu ziren zortzi bikoteak: Asier Estarriaga eta Edgar Texeira, Javier Ezkerro eta Enaitz Tardio, Chus Zaldibar eta Rafa Moralo, Saul Pardo eta Alexis Duran, Ander Gallastegi eta Anartz Almorza, Jorge Membrado eta Alvaro Cabezon, Eusebi Llao eta Jaime Meavilla, eta Luis Miguel Galindo Quimera eta Mario Gonzalez.

Zezenaren aurrean beren abileziak erakutsi zituzten hamasei errekortariek, baina hiru bikote bakarrik sailkatu ziren finalera, eta hor Estarriaga eta Teixeira izan ziren zezenaren adarretan uztai gehien jarri zituztenak, zortzi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide