Asteburua aurretik eraitsiko dute San Migel patronatua zenaren eraikina

Nerea Uranga 2025ko eka. 24a, 17:48

San Migel patronatuaren eraikina zena eraisteko prestatzen, gaur. (Nerea Uranga)

Orain dela bi astetik ari dira Perdillegiko eraikin hori botatzeko lanak aurreratzen. Egunotan, barrutik husten jardun dute batik bat.

Perdillegin mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztuna eraikitzea nahi dute, eta hori egin ahal izateko eremua egokitzeko konpromisoa hartuta du Azpeitiko Udalak. Orain dela ia bi urte, 2023ko udazkenean, Perretxikoa eraitsi zuten. Orain dela bi aste, berriz, Perdillegiko San Migel patronatua zenaren eraikina eraisteko lanak aurreratzen joan dira: leihoak eta argindar kableak kentzen, barrua husten eta abar. Behin lan horiek eginda, bihar eta etzi artean eraikina erabat botatzeko asmoa dutela aurreratu dio Gukari Azpeitiko Udalak.

Perdillegiko eraikin zaharra eraisteko lanek 76.269 euroko aurrekontua dute, eta uztailaren bukaerarako lan horiek amaituta izatea aurreikusita du udalak. Altuna y Uria enpresa ari da lanean.

Azken urteetan eraikin horretan izan dute egoitza Juan Antxieta musika eskolak, Udal Euskaltegiak eta Atzegik, besteak beste. Eraikinaren ondoko eremuan, berriz, autokarabanen eta karabanen aparkalekua egon da eraiste lanak hasi bitartean. Behin saninazioak pasatu ondoren izango dute ibilgailu horiek berriro toki horretan aparkatzeko aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide