Bota dute San Migel patronatua kokatuta egon zen eraikina

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 2a, 08:40

Perdillegiko eremua, eraikina eraitsita. (Andoni Elduaien)

Azken asteetan aritu dira eraiste lanak prestatzen, eta dagoeneko eraikinaren hondakinak baino ez daude eremuan. Perdillegin mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztuna eraikitzea nahi dute, eta horregatik bota dute eraikina.

Bota dute erabat San Migel patronatua zena kokatuta izan zen Perdillegiko eraikina. Azken asteetan aritu dira eraiste lanak prestatzen, eta dagoeneko eraikinaren hondakinak baino ez daude eremuan.

Altuna y Uria enpresa ari da Perdillegiko eraikin zaharra eraisteko lanak egiten, eta horiek 76.269 euroko aurrekontua dute. Udalak adierazi duenez, uztailaren bukaerarako lan denak amaituta izatea aurreikusita dute.

Azken hilabeteetan hutsik izan da Perdillegiko eraikina, baina haren ondoko autokarabanentzako eta karabanentzako aparkalekua martxan. Orain, lanak tarteko, hustu egin dute eremu hori ere, baina saninazioak igarota, ibilgailu horiek atzera han aparkatzeko aukera izango dute herritarrek.

Perdillegin mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztuna eraikitzea nahi dute, eta hori egin ahal izateko eremua egokitzeko konpromisoa hartuta du Azpeitiko Udalak. Orain dela ia bi urte, 2023ko udazkenean, Perretxikoa eraitsi zuten, eta orain, berriz, San Migel patronatua zenaren eraikina.

Eraikin horretan izan dira urte luzez Juan Antxieta musika eskola, Udal Euskaltegia eta Atzegi, baina hilabeteak dira horiek leku aldatu zituztela. Musika eskolak Dinamoa sormen gunean du egoitza berria, eta Udal Euskaltegiak eta Atzegik, aldiz, Perez Arregi plazan, sasoi batean Telefonica kokatuta egon zen eraikinean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide