Gaurtik salgai dira Errekortari Txapelketa Nagusirako zenbakitutako sarrerak

Nerea Uranga 2025ko uzt. 18a, 18:45

Errekortari Txapelketa Nagusirako zenbakitutako sarrerak erosteko mahaia, gaur plazan. (Nerea Uranga)

Uztailaren 25ean jokatuko den Errekortari Txapelketa Nagusirako zenbakitu gabeko sarrerak hilaren 15etik salgai daude tabernetan. Zenbakitutakoak, berriz, gaur, bihar, hilaren 24an eta 25ean salduko dituzte.

Uztailaren 25ean, Santio egunez, egingo dute aurten ere Errekortari Txapelketa Nagusia, Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita.

Zezen Beltz elkarteak ikuskizunaz gozatzeko zenbakitu gabeko sarrerak joan den asteartean, hilaren 15ean, jarri zituen saltzen hainbat taberna eta jatetxetan: Azpeitian, Pastorkuan, Mendizabalen, Berdien, Jim Clarken, Eguzkitzan, Etxe Zurin eta Kantoin, eta Azkoitian, Elurre okindegian.

Zenbakitutako sarrerak, baina, gaurtik hasi dira saltzen, eta jende ilara egin da sarrerak erosteko herriko plazan Zezen Beltzekoek jarritako postuan. Gaur, ostirala, 20:00etara arte egongo dira plazan. Bihar, larunbata, 12:00etatik 14:00etara ere jarriko dute sarrerak saltzeko mahaia plazan, eta Santio egunaren bezperan, hilaren 24an, 18:30etik 20:00etara. Azkenik, Santio egunean, 12:00etatik 14:00etara jarriko dute mahaia zenbakitutako sarrerak erosi nahi dituztenentzat; egun horretan Goiko kalean jarriko dute mahaia, Egaña gozotegiaren aurrean. Barrerako eta harmailako lehen ilarako sarrerek 25 euro balio dute, eta palkoko sarrerek, 22 euro. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide