Goizaldeko "neurrigabeko" polizia operazioarekin komunikabideek, instituzioek nahiz poliziak gazteen kontrako kriminalizazio kanpaina abiatu nahi dutela salatu dute herritar ugarik. Azpeitiko Gaztetxeak deituta gaur arratsaldean plazan egin dute elkarretaratzea.
Azpeitiko Gaztetxeak 20. urteurrena ospatu zuen atzo, baina biharamuneko gertakariek festa ilundu dute. Ertzaintzak polizia agenteak erasotzea leporatu die gazteei, eta eginbideak abiatu ditu horien kontra. Gaztetxeko ordezkariek, aldiz, gertakarien inguruko bestelako bertsioa zabaldu dute.
"Jazarpen polizialari aurre egin" eta "erasoen aurrean gogor eta tinko" oihukatu dituzte plazako elkarretaratzean. Protestaren amaieran azaldu dutenez, pilen edukiontzi bat margotzeagatik pertsona bati isuna jarri diote goizaldean, eta haien hitzetan, "neurrigabeko operazio poliziala" abiatu dute ertzainek eta udaltzainek. Haien erantzuna salatzeko asmoz, hainbat gazte Udaltzaingoaren egoitzara joan zen, eta han pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak. Gazte hori askatu egin zuten azkenean, baina aurretik hogei minutuz autoan eduki zutela esan dute gaurko protestan.
"Txikikeria bategatik neurrigabeko operazio poliziala izan da", argitu dute Gaztetxeko kideek. Ertzaintzak esan duenaren kontra, gazteek diote polizia izan zela liskarra sorrarazi zuena, eta herriko hainbat gazte "jipoitu" zituena. "Argi ikusi da segurtasuna bermatzeko aitzakipean beraiek direla segurtasun eza sortzen dutenak", adierazi dute Azpeitiko plazan.
Horrekin guztiarekin, poliziak, instituzioek nahiz hedabideek "gazteen aurkako kriminalizazio kanpaina bat" abiatu dutela salatu dute gaztetxeko kideek, modu horretara "poliziaren areagotzea justifikatzeko" eta gertatutakoren ardura gazteen gain jartzeko.
Enparan kalearen eta Plaza Txikiaren artean izandako iskanbilaren berri izan ostean, Azpeitiko Udalak babesa adierazi die herriko udaltzainei, eta ertzainei leporatu oldartzearen ardura. Alta, udaltzainek izan zuten erantzukizuna salatu dute gazteek arratsaldeko elkarretaratzean: "Hasiera-hasieratik Ertzaintzaren jarrera berbera izan zuten, gazteak jipoituz eta atxilotzen saiatuz. Gauzak horrela, beste behin garbi geratu da zein den edozein poliziak jokatzen duen papera eta gazteak erreprimitzeko duen inpunitatea".
Eginbideak bertan behera uzteko eskaera
Bestalde, goizaldean identifikatutako gazteen kontrako eginbideak bertan behera utz ditzatela galdegin dute Gaztetxeko kideek. "Irmoki esan nahi dugu ez dugula gazteon aurkako inolako erasorik onartuko eta gure aurka abiatuko diren kriminalizazio kanpainen aurrean tinko mantenduko garela", ohartarazi dute.