Jaiek aldaketak eragingo dituzte trafikoan, aparkalekuetan eta zenbait eremutan

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 24a, 08:58

Jose Artetxe kaletik Paulo VI. auzunerako pasoa.

Foru Ibilbidearen itxieraz eta autobus geralekuen aldaketez gain, jaiek eragingo dituzten aldaketen berri eman du udalak. Izarraizpe eta Iraurgi ikastetxeen atariak ibilgailuentzat zabalduko dituzte, eta itxi egingo dituzte zenbait errepide eta eremu.

Azpeitiko Udalak jaien eraginez trafikoan, aparkalekuetan eta zenbait eremutan izango diren aldaketen berri eman du. Aparkalekuei lotuta, ohi bezala, Izarraizpe eta Iraurgi ikastetxeetako atarietan aparkatzeko aukera izango dute herriaren erdigunera joan nahi duten ibilgailuek. Hain justu, gaurtik eta festak amaitu arte irekiko dituzte bi eskola horietako atariak ibilgailuentzat. Ordea, Perdillegiko jolastokia berritzen ari direla eta, aurten ez da gune horretan aparkatzerik izango.

Trafikoari dagokionez ere izango dira aldaketak. Batetik, bihar itxiko dute Foru Ibilbidea, eta ondorioz, Julian Elortza kaleko eta Burdinbidearen Euskal Museoaren alboko autobus geralekuak bertan behera utziko dituzte. Bestetik, ibilgailuek ezin izango dute hartu Jose Artetxe kaletik Paulo VI. auzunera. Barraken bueltan "jende asko" ibili ohi delako hartu du neurria udalak. Hori hala, saninazioetako hiru egunetan itxita egongo da bide horretatik pasoa.

Horrez gain, San Inazio bezperan eta San Inazio egunean itxi egingo dute Izarraitz Ateko ur txorroen eremua, bi egun horietan su artifizialak botako baitituzte inguru hartatik. Dena den, udalak gogorarazi du bestelako ekitaldi batzuek edo unean uneko jende pilaketek ere izan dezaketela eragina trafikoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide