Aurtengo saninazioetako zezenketetan toreatuko dituzten zezenen desenkajonamenduak ez du iazkoaren trazarik izan. Iaz, Almirante izeneko zezenak ohi baino gehiago luzatu zuen zezenak plazaratzeko saioa, baina, aurten, bizi-bizi joan da hitzordua. 18:30ean hasi dira animaliak kamioietako kutxatiletatik plazaratzen, eta 19:30erako amaitu da saioa. Ordubetean atera dituzte, beraz, San Inazio egunez eta abuztuaren 1ean zein 2an –hiru egunetan, 18:30ean– toreatuko dituzten zezenak. Ohi bezala, jende ugari elkartu da zezen plazan, eta zezenen ikuskizunaz gain, Udal Musika Bandaren pasodoble doinuekin gozatu dute haiek guztiek.
Salamancako (Espainia) Loreto Charro zein Vellosino, Cadizko (Espainia) Ana Romero eta Alentejoko (Portugal) Murteira Grave ganadutegietako zezenak izango dira aurtengo saninazioetako zezenketetan. San Inazio egunez toreatuko dituzten zezenak erakutsi dituzte aurrena; lehen zortzi zezenetatik lau Loreto Charro ganadutegikoak izan dira –Barbalarga (beltza), Madrileño (beltza), Fandango (beltza) eta Barbuquillo (gaztainkara argia)–, eta beste lau, Vellosino ganadutegikoak –Nochemalo (beltz mulato azpizuria), Cigarro (gorrixka), Nochetriste (gorrixka) eta Jaranero (gaztainkara)–. Zezen horiek guztiak 2021. urteko otsailaren eta uztailaren artean jaiotakoak dira.
Ondoren, Ana Romero ganadutegiko zezenak aurkeztu dituzte, abuztuaren 1ean toreatuko dituztenak. Malva izeneko zezena, 2020ko urrian jaiotakoa, urdin ilun pikardatua da, eta Claraboya zein Barajito (urdinak biak), 2020. urteko abenduan jaiotakoak. Ordea, Madroñero, Tudanco (biak urdin argiak), Barrenero, Marejada eta Curandero (aurpegian marra argixka duten urdinak hirurak), 2021eko urtarrilaren eta martxoaren artean jaiotakoak dira.
Abuztuaren 2an toreatuko dituzte Portugalgo ganadutegiko zezenak, beltz trazakoak denak, bakoitza bere berezitasunekin. Honako zortzi zezen hauek aurkeztu dituzte Murteira Grave ganadutegikoek: Guadairo, Bienvenido, Camarero, Vulcano, Nuñez, Galeano, Carabello eta Fusilero; azken bi horiek elkarrekin plazaratu dira, gaurko bitxikeria moduan. Zezen horiek guztiak 2020ko abuztua eta abendua bitartean jaioak dira.
Sarrerak, salgai
Saninazioetako zezenketetarako sarrerak salgai daude oraindik. Interneten –zezenzale batzordearen torosazpeitia.com webgunean– edo zezen plazako txarteldegian eskuratu ahal izango dira zezenketetarako abonuak. Datozen hiru egunetan, 18:00etatik 20:00etara irekiko ditu Azpeitiko Zezenzale Batzordeak zezen plazako leihatilak. Zezenketa egunetan ere irekiko dute zezen plazako txarteldegia sarrera solteak saltzeko: goizez, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik zezenketa hasi bitartean.