Ultraeskuinaren eta ideia faxisten aurka, San Inazio egunean "Azpeitia askea, segurua eta askotarikoa" aldarrikatzeko dei egin zuten herriko hainbat eragilek joan den uztailaren 17an. Agerraldi hartan adierazitako kezkak eta aldarrikapenak bideo batean jaso dituzte orain, uztailaren 31rako deialdia berritzeko.
Herriko plazan izango da elkarretaratzea San Inazio egunean, 18:30ean. Ordu berean, zezen plazan, aurtengo lehen zezenketa hasiko da, eta han ariko da Morante de la Puebla toreatzailea. Azpeitian hirugarrenez ariko da Morante, eta herrian haren presentzia "normalizatzea" toreatzaileak publikoki defendatzen dituen ideia ultraeskuindarrei eta faxistei "babesa adierazteko modu bat" dela nabarmendu nahi dute, besteak beste, elkarretaratzea deitu duten eragileek.