Ekainean liburua aurkeztu ondoren, eta orduan aurreratu zuten bezala, Azpeitia, abezedario bat zezenez liburuaren gaineko "sintesi eta laburpen" erakusketa prestatu dute haren egileek. Hain zuzen, Aritz Aranbarrik, Ignacio Arakistainek eta Pablo Soraluzek, zezen plazan jarri dute erakusketa, saninazioetarako.
Atzo aurkeztu zuten erakusketa jendaurrean, baina bihartik aurrera egongo da ikusgai. Bihar, San Inazio egunez eta abuztuaren 1ean zein 2an, saninazioetako zezenketen egunetan, irekiko dute Aritz Aranbarriren iazko zezenketen argazkiekin, Ignacio Arakistainen testuekin eta Pablo Soraluzeren ilustrazioekin osatutako erakusketa. Hiru egunetan, goiz-eguerdi partean zein arratsaldez izango da erakusketa ikusteko aukera, zezenen aukeraketaren eta zezenketen aurretik eta ondoren.
Garai batean ahariak pisatzeko-eta erabiltzen zuten gela "txiki eta berezia" atondu eta han jarri dute erakusketa hiru azpeitiarrek. Liburua erosteko aukera ere izango da bertan.