Hasi dira saninazioak, ondo bustita hasi ere. Iaz abanikoak eta beroa baziren festen hasierako protagonistetako batzuk, gaurkoan euria eta aterkiak izan dira. Ohi baino giro apalagoarekin esnatu da eguna, baina eguerdia gerturatzearekin batera hasi da festa giroa herriko kaleetan, eta txupinazoaren unean atertu egin du. Herritarrek harrera ederra egin diote suiziria botatzeaz arduratu den Kepa Susperregiri, eta haren bertsoarekin, herritarren txalo artean, hasi dira 2025eko saninazioak.
Nagore Alkorta alkateak ere hartu du hitza txupinazoaren aurretik, eta gogoan izan ditu falta direnak eta festak antolatzeko atzeko lanetan aritu direnak. Aldarrirako tartea ere hartu du alkortak, eta Azpeitiko Feministen Sareak nahiz Itaiak egin bezala, Zizurko hilketa matxista gaitzetsi du. Aldarriak aldarri, Mikel Odriozola festa batzordeburuak eta Nagore Alkorta alkateak festak kalean eta giro onean gozatzeko deia egin dute.
Haujijijai festa batzordekoek ere goiz hasi dute eguna. Aterpean jarri dute hamaiketarako jan-edanerako postua aurtengoan, eta eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, gogoz ekin diote festei.
Barrutik eta kanpotik bustita ekin diote saninazioei azpeitiarrek, baina giro tristeari alaitasunez erantzuteko prest agertu dira gehienak, euritan dantzan aritzeko pronto. Azkenean, Azoka Plazan egin dute herri bazkaria, eta 700 lagun inguru elkartu dira hitzordurako.
Herri bazkariaren ostean, arratsaldean jarraituko dute gaurko antolatutako ekintzek. Besteak beste, txosnen irekiera, bigantxak, kaleko animazioa Frontoi Txiki Fest eta kontzertuak izango dira gauera bitarte.
Arratsaldeko egitaraua, hemen:
- 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak.
- 17:30. Bigantxak (Lopene ganadutegia), Done Jakuen.
- 18:30. Frontoi Txiki Fest, Done Jakuen, Cold Revenge, Jipoituak, Yakovlev42 eta Inguma taldeekin.
- 19:00. Jon DJa, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako basilikan.
- Ordu berean, Los Incansables txaranga.
- 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
- 20:00. 3Indarrok elektrotxaranga kalez kale.
- 21:30. Debrass Band-en kontzertua, txosnagunean.
- 22:00. Elepunto DJa, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 22:30. Puro Relajo taldea, plazan.
- 23:00. Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik, Izarraizko Atean.
- 23:30. Balantza taldearekin erromeria, txosnagunean.