Tradizio diren ekintzekin hasi da San Inazio Eguna. Alde Zaharra musikaz esnatzen hasi dira Udal Musika Banda, Arrasateko gaiteroak eta Izarraitz txistulari taldea. Ondoren, Bandakoak eta Izarraitzekoak udaletxe atarian gelditu dira, Sanagustinpean zain zituzten udal ordezkariekin batera parrokiara korporazioan joateko. Handik irten da San Inazio eguneko prozesioa 10:30ean, Fernando Prado Donostiako gotzaina eta San Inazio eguneko ospakizunetan lehen aldiz parte hartu duen Jose Ignacio Eguzkitza erretorearekin, beste hainbat elizgizon eta herritarrek lagunduta.
San Inazioren eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak Alde Zaharreko kaleetan ibili ondoren parrokiara itzuli, eta San Inazio eguneko meza nagusia ospatu dute han 11:00etatik aurrera, Parrokiako koruaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren parte hartzearekin, eta Ignacio Arakistain organo jotzen zela.
Goizeko ekitaldi horiek utzitakoak bideoan bildu ditu Gukak.