Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko ekinaldiek beste keinu bat utzi dute Azpeitian. Hain zuzen ere, hilero Palestinari babesa adierazteko elkarretaratzeak egiten ari diren gunean, Sanjuandegiko biribilgunean, Palestinako bandera ezarri du Azpeitiko Udalak. "Israel egiten ari den genozidioa salatzeko eta palestinarrek bizi duten drama humanitarioaren amaiera eskatzeko" ezarri du bandera hori udalak. Azpeitian, Sanjuandegiko biribilgunea bihurtu da "Palestinari elkartasuna adierazteko gune nagusi", eta horregatik aukeratu du udalak leku hori bandera jartzeko.
Elkar-ekinek deituta ari dira egiten Palestinari babesa adierazteko mobilizazioak, eta gaur, ostiralez, ere egingo dute elkarretaratzea.18:30ean izango da protesta ekitaldia, eta Azpeitiko Udalak bat egin du deialdiarekin. Elkar-ekinek jakinarazi du, gainera, haurrentzat eta haien gurasoentzat lekua egokituko dutela espaloian.
Horrez gain, Gazara bidean doan Global Sumud Flotillari ere babesa erakutsi dio Azpeitiko Udalak.