Palestinako banderak herriko ahalik eta toki gehienetan egotea nahi dutela esan du Azpeitiko alkateak

Julene Frantzesena 2025ko urr. 9a, 12:27

Palestinako bandera.

X sare sozialean egin ditu adierazpenak Azpeitiko alkateak, Azpeitiko Gaztetxeko kideek Batzokiaren etxaurretik Palestinako bandera kendu dutelako eta EAJk gertaera salatzeko kaleratutako oharrean "erreakzio azkarra" eskatu ziolako. Halaber, EH Bilduren udal gobernuko kideek sindikatuek hilaren 15erako deitutako lanuztearekin bat egingo dutela jakinarazi du alkateak.

"Inondik kentzerik ez, Palestinako banderak herriko ahalik eta balkoi eta txoko gehienetan egotea nahi dugu". Hala esan du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak X sare sozialean, EAJk Azpeitiko Gaztetxeko kideek herriko Batzokiaren etxaurretik Palestinako bandera kendu izana salatzeko kaleratutako oharrean interpelatu ostean.

EAJk gertatutakoaren aurrean "erreakzio azkarra" izateko eskatu zion alkateari, baita "aitorpen tinko eta argia" egiteko nahiz "erasoaren aurrean gaitzezpen instituzionala" agertzeko ere.

Adierazpen hori egiteaz gain, Alkortak sare sozialean jakinarazi du EH Bilduren udal gobernuko zinegotziek euskal sindikatuek –LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru– datorren asteazkenerako deitu duten lanuztearekin bat egingo dutela. Gazako genozidioa salatzeko eta erakunde publikoei zein enpresei Israelekin dituzten harreman komertzialak etetea eskatzeko deitu dute lanuztera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide