Garmendipen, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriaren ondoan nahiz Loiolabiden txakurrentzako guneak atondu zituen udalak, eta erabilgarri daude ekainaz geroztik. Legearen arabera, txakurrek lotuta egon behar dute eremu publikoetan, baina Azpeitiko txakurrentzako parke berrietan aske ibiltzeko aukera dute animaliok. Itxiak dira gune horietako bi, eta horietan, agility eremua, iturria, itzalguneak, zaborrontziak nahiz txakurren jabeentzako eserlekuak jarri dituzte. Loiolabideko ibaiaren ondoko eremua, berriz, irekia da, eta txakurrak solte ibil daitezke 735 metro luzeko bidean. Txakurrak dituzten herritarrek eremu horien inguruan duten iritzia jaso du Gukak.
Lasaora doan bidegorriaren aldamenean dagoen parkean jolasten aritzen diren bi txakurren nagusia gustura dago Azpeitiko Udalak bultzatutako egitasmoarekin. "Ideia ona da. Txakur asko dago Azpeitian eta beti lotuta ezin dira eraman, eta horrelako lekuak falta genituen. Gainera, esango nuke are gehiago behar ditugula", dio.
Garmendipe futbol zelaiaren aldamenean dagoen parkera "ia egunero" joaten dela segurtatu du artzain txakurrari pilota jaurtitzen ari zaion emakume batek. "Txakurra aske izan dezaket hemen eta lekua garbi egoten da, oso ondo dago", balioetsi du. "Herrian lehen ez zegoen txakurrak aske ibiltzeko prestatutako gunerik. Orain, eremu itxiak egin dituzte, eta horrek arriskuak saihesteko balio du. Guretzat, proiektu hau mundiala izan da", gaineratu du, pozik.
Loiolabideko txakur parkea irekia da; beste biak, aldiz, itxiak dira
"Urduria" da bere txakurra, eta ziurtatu du animaliak bezala, berak ere eskertzen duela horrelako eremu seguru batean solte ibiltzeko aukera izatea. Parkean beste txakurrik dagoen ikusteko aukera dute herritarrek, eta libre dagoenean sartzeko aukera dute gainontzeko animaliekin lagunkoiak ez diren txakurren jabeek, emakumeak nabarmendu duenez. "Jendeak, normalean, errespetuz jokatzen du. Txakur urduriak ditugunok badakigu kontuz ibili behar dugula, eta barruan beste txakur bat baldin badago, ez agara sartzen. Hori bai, arduratsuak izan behar gara", agertu du. Horri esker, txakurra lasai ibil daiteke parkean, eta itxia denez, ez dago ihes egiteko arriskurik. Gainera, herritarrari asko gustatzen zaio bere txakurrarekin jolastea, eta Garmendipe aldameneko gunean dauden instalazioetan gora eta behera ibiltzen da txakurra.
Gatazka arriskua
Bestelako iritziak ere badira azpeitiarren artean. Garmendipe inguruan txakur txiki batekin paseatzen dabilen andre batek adierazi du berak ez dituela parke itxiak erabiltzen, txakurren arteko borrokak gertatzeko arriskua areagotu dezaketela uste baitu. "Maila askotako txakurrak daude, eta guztiek ez dute heziketa berbera. Ezin dut sartu txakur txiki bat hor, bertan polizia txakur bat baldin badago", azaldu du.
Herritarraren ustez, egokiagoa litzateke txakurrak tamainaren arabera bereiziko lituzketen parkeak sortzea; txikiak txikiekin egon daitezen, eta handiak handiekin. "Errazagoa izango litzateke eta segurtasun handiagoa izango genuke", baieztatu du. Arrazoi horregatik, eta pentsatzen duelako herriguneak ez direla txakurrentzako eremu naturalak, emakumeak nahiago du txakurrarekin mendian edo bidegorrietan ibili.