Lehen jardunaldia osatu du Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentziak. Euskal Herriko eta nazioarteko adituen topaleku izango da bi egunez Soreasu antzokia, UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, UEUk eta Coppieters fundazioak antolatutako jardunaldion eskutik.
250 lagun elkartu ditu lehen jardunaldiak Soreasun. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Garbiñe Mendizabalek (Gipuzkoako Foru Aldundia), Aitor Aldasorok (Eusko Jaurlaritza), Iñaki Irazabalbeitiak (Coppieters fundazioa), Ane Sarasuak (UEU), Jasone Mendizabalek (Soziolinguistika Klusterra) eta Martin Aramendik (UEMA) erakundeen eta antolatzaileen izenean egindako harrerarekin hasi dute eguna. Jarraian, arnasgune kontzeptua euskararen ikerketara ekarri zuen Mikel Zalbideren gogoetak entzuteko aukera izan dute Soreasun elkartutakoek; Iñaki Iurrebaso eta Asier Basurto soziolinguistek Azpeitiko nazioarteko konferentzian emateko egin zioten elkarrizketa bideoz eman dute antzokian.
Conchur O Giollagain irlandarra, Quebec-eko Etienne Lemyre soziologoa, Garikoitz Goikoetxea kazetaria eta Tolosako Udaleko Euskara zerbitzuburua, Elin Haf Gruffydd Jones galestarra, Jon Aizpurua Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlan saileko zerbitzuburua, Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurto, eta Iratxe Retolaza ikerlaria eta irakaslea izan dira lehen jardunaldiko gainerako hizlariak.
Guztien hitzaldien kronikak, argazkiak eta Zalbideren elkarrizketaren bideo osoa UEMAren webgunean jaso dituzte.
Bihar, bigarrena eta azkena
Bihar, beste sei hitzaldirekin eta ondorioekin osatuko dute arnasguneen gaineko nazioarteko konferentziaren bigarren eta azken eguna.
Galesko, Italiako eta Serbiako Voivodinako esperientzien berri izango dute lehendabizi Soreasun, eta Euskal Herrikoena ondoren; azken horien artean, Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia azpeitiarrek Mikel Artolarekin batera ondo duten Euskarak ez du periferiarik zentrorik ez baitauka azterlana aletuko dute, eta Iñaki Iurrebasok Gogoeta batzuk euskararen indarberritzerako lurralde-estrategia bati begira izeneko hitzaldia emango du.