Ondorioak aurkeztuta itxi dute arnasguneen gaineko nazioarteko konferentzia

Maialen Etxaniz 2025ko urr. 17a, 15:15

Konferentziaren sustatzaileek nabarmendu dute ikerketek eta estatistikek "agerian" utzi dutela arnasguneak ezinbestekoak direla munduko hizkuntza gutxituetan nahiz Euskal Herrian. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak "hizkuntza politikaren lehen lerroan" jarri beharra aldarrikatu dute, eta ezinbestekotzat jo "lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria" adostea eta abiaraztea.

Amaitu da bi egunez Azpeitian egin duten Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzia. UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, UEUk eta Coppieters fundazioak antolatutako jardunaldia izan da Azpeitian egin dutena, eta sustatzaileek ateratako ondorioak partekatuta borobildu dute. Hainbat izan dira jardunaldiaren itxieran nabarmendu dituzten ideiak, baina arnagusneen garrantzian egin dute azpimarra: "Beste behin ere agerian geratu da hipotesiez eta usteez harago, ikerketek eta estatistikek argi erakusten dutela arnasguneak ezinbestekoak ditugula aurrera egingo badugu, bai munduko hizkuntza gutxituetan, baita Euskal Herrian ere". Horrela adierazi du UEMAren koordinatzaile Miren Segurolak. Era berean, nabarmendu du arnasguneak desagertuz gero, euskararen biziberritze prozesuan atzeraldi nabarmena izango dela. "Asko gerturatuko gara desagertzetik gu baino askoz gertuago dauden hizkuntzetara. Ezin dugu hori gerta dadin utzi", esan du Segurolak. Halaber, arnasguneak eta udalerri euskaldunak "hizkuntza politikaren lehen lerroan" jarri beharra aldarrikatu du, "lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta abiarazi" beharrarekin batera. 

Horretarako, arnasguneek lege babesa behar dutela adierazi du Segurolak, konferentzia antolatu duten eragileen eta parte-hartzaileen izenean: "Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa behar dute arnasguneek. Erdarek bereganatu dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, erdaldunak erakartzeko eta eremu horien garapen jasangarria sustatzeko politikak eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz egingo diren politika transbertsalak: demografiari, harrerari, ekonomiari, lurralde antolaketari, kulturari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu". 

Hausnarketarako tartea

Konferentziaren bigarren jardunaldia, ordea, ez da ondorioak partekatuz hasi. Nazioarteko hainbat adituren nahiz Euskal Herriko hainbaten ikerketak eta hausnarketak ezagutzeko aukera izan da Soreasun. Cynog Prys eta Rhian Hodges doktoreen saioarekin hasi da gaurko jardunaldia. Haien ostean, Mattia Zeba ikertzailearen txanda izan da eta Adrian Borka Voivodinako Gobernu Autonomoko kideak jarraitu du. Atsedenaldiaren ostean, Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia EHUko irakasle eta ikerlariak eta Mikel Artola Bertsozale Elkarteko langilea, Filologia lizentziatua eta euskalgintzako eragilea aritu dira hizlari. Azken urteetan Euskal Herrian azaleratutako euskararen periferia kontzeptuaz aritu dira, hainbat hausnarketari eta eztabaidari bide eman baitie. Horien inguruan duten ikuspegia partekatu dute hiru hizlariek, eta "zentro-periferia dinamikak gure hiztun komunitatean" nola ulertzen dituzten azaldu dute, besteak beste. 

Ondoren, Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMAko ikerlariak hartu du hitza. Iurrebasok arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzean zer-nolako funtzioa betetzen duten ikertu du, eta haren laneko zenbait zertzelada partekatu ditu Soreasun elkartutakoekin. Besteren artean, adierazi du lurralde estrategia bat behar duela euskarak indarberritze prozesuan. Euskararen indarberritzerako Iurrebasok proposatu duen lurralde estrategia entzun ondoren, erakunde publikoetako bi ordezkari jarri ditu solasean Irati Urdalleta kazetariak: Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Jabi Arakama Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria. Arnasguneen inguruan egin denaren, egiten denaren eta egin behar denari buruz galdetu die Urdalletak.

Hitzaldi guztietako edukiak aletu ditu UEMAk bere webgunean

Ondorioak eta beharrak

Konferentzia amaitzeko, antolatzaileek bi egunotan ateratako ondorioak irakurri dituzte. Iñaki Irazabalbeitia (Coppieters Fundazioa), Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterra) eta Miren Segurolak (UEMA) hartu dute hitza antolatzaileen eta batzorde akademikoaren izenean, eta eskerrak eman dizkiete nazioartetik etorritako lagunei, hizlariei eta parte-hartzaile guztiei. Ateratako ondorioak eta proposamenak Miren Segurolak partekatu ditu.

Besteak beste, honako ideia hauek partekatu dituzte: "Ez dugu aurreratu euskara nagusi izango zuen lurralde eremua sendotzen. Alderdi hori ez da lehentasunen artean egon eta sendotu beharrean, arnasguneak ahultzen ari dira. Proiekzioek are ondorio ilunagoa iragartzen diete eremu hauei; arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Arnasguneek Euskal Herria euskalduntzeko trakzio lana egitea ahalbideratuko duen estrategia marraztu behar dugu, arnasguneetan hasi, eta eremu erdaldunenetara iritsiko den lurralde estrategia; arnasguneek lege babesa behar dute. Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa; euskara erdigunean jarriz eta norbanakoei begira baino komunitateari begira egingo diren politikak behar ditu euskarak".

Aurrera egiteko konbentzimendua erakutsi dute konferentziaren antolatzaileek, eta elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute: "Argi izan, etorkizuna ez da kristalezko bola batean ikusten. Etorkizuna gu guztion artean marrazteko aukera daukagu. Erabakimenez, elkarlanean eta adostasunak lortuz, euskara nagusi den lurralde eremua sendotzea posible da. Guk, konbentzimenduz, aurrera egingo dugu".

Atzo goizean hasi zen Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzia Soreasun antzokian. Arratsaldean jarraitu zuten hausnarketa saioarekin, eta gaurko solasaldiek borobildu dute bi eguneko jardunaldia. 

(Argazkiak: UEMA)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide