Maiatzaren 9an jokatuko dira Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketak. Oraingoan ere, probak prestatzeko emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak eta hitzaldi bat antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak. Aurreko urteetan antolatutako saioek izandako "arrakasta" eta jendeak emandako erantzuna ikusita antolatu dituzte entrenamendu saioak, baita "emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko" asmoarekin ere. Azaroaren 1etik otsailaren 21era bitartean izango dira lau irteerak eta hitzaldia.
Aurreneko irteera azaroaren 1ean, larunbatean, izango da, 08:30ean, plazan. Oihana Azkorbebeitia lasterkariak gidatuta egingo dute entrenamendu saio hori. Lehen irteera izanda, "ibilbide gozo samarra" egingo dutela adierazi dute antolatzaileek; alegia, Txalintxo, Munoaundi eta Oñatz inguruko buelta izango da lehen irteerakoa. Bukatzeko, hamaiketakoa izango da irteeran parte hartzen dutenentzat, Iraurgi saskibaloi klubak antolatutako garagardo azoka bisitatuz.
Azaroaren 1eko irteeran parte hartzeko izena eman beharko da urriaren 30a baino lehen, Lagun Onak mendi bazkunaren webgunean. Honakoa da izena emateko lotura.
Emakumeei zuzendutako irteerak:
- Azaroak 1, larunbata. Oihana Azkorbebeitia.
- Abenduak 13, larunbata. Efikeko Julen Ansoalde eta Josu Larrañaga.
- Urtarrilak 10, larunbata. Ainara Urrutia.
- Otsailak 21, larunbata. Jomako taldekideak.
Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetarako izen ematea azaroaren 5ean, 18:00etan, zabalduko dute. Ondoren, dortsalak izena ematen duten lagun guztien artean zozketa bidez banatuko dituzte, zozketa hori azaroaren 14an egingo dute.