Domusa Teknik 40 eta 15 MLK lasterketetarako dortsalak, erabakita

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 15a

Antolatzaileak eta udal ordezkariak, atzo, Domusa Teknik mendi lasterketen dortsalen zozketan. (Utzitakoa)

Atzo arratsean zozkatu zituzten dortsalak udaletxean, hiru zozketa eginda. 950 dortsal banatu dituzte guztira: 550 lasterketa luzerako eta 400 –200 gizonentzat eta 200 emakumeentzat– laburrenerako.

2026ko Domusa Teknik 40 zein 15 MLK mendi lasterketetarako izena eman zutenek badakite dagoeneko maiatzaren 9an jokatuko diren probetan parte hartu ahal izango duten ala ez. Joan den asteartean izen emate epea itxi ondoren, atzo arratsean zozkatu zituzten antolatzaileek datorren urteko ekinaldirako dortsalak, hiru zozketa eginda. 

Datorren urterako dortsalak zozketa bidez banatzea erabaki dute antolatzaileek, izen emate prozesua "bidezkoagoa, gardenagoa eta eskuragarriagoa" izateko asmoarekin. Izan ere, aurten ere bi probetarako aurreikusitako dortsal kopurua baino askoz gehiago izan dira izena eman dutenak: 950 dortsal banatu zituzten guztira atzo,550 lasterketa luzerako eta 400 –200 gizonentzat eta 200 emakumeentzat– laburrenerako; eta 1.924 lagunek parte hartu zuten egin zituzten hiru zozketetan.

Aipatutako gardentasuna bermatzeko, ekitaldi irekian egin zituzten aurreikusitako hiru zozketak, Internetez zuzenean eman zituzten, eta Azpeitiko Udaleko Jon Oteiza eta Idurre Zabaleta zinegotziak udaletxeko areto nagusian zirela egin zituzten zozketak.

Izena ematerakoan, zenbaki bana esleitu zieten kirolariei, eta zenbaki horrekin parte hartu zuten atzoko zozketan. Ordenagailuarekin eta ausazko zenbakien sistema erabilita egin zituzten hiru zozketak, eta hauek izan ziren emaitzak:

  • Domusa Teknik 40 MLK
    • Zozketan ateratako zenbakia: 313.
    • Dortsalak esleitu zaizkien zenbaki-tarteak: 313tik 816ra eta 1etik 46ra.
  • Domusa Teknik 15 MLK (emakumeak)
    • Zozketan ateratako zenbakia: 133.
    • Dortsalak esleitu zaizkien zenbaki-tarteak: 133tik 258ra eta 1etik 74ra.
  • Domusa Teknik 15 MLK (gizonak)
    • Zozketan ateratako zenbakia: 817.
    • Dortsalak esleitu zaizkien zenbaki-tarteak: 817tik 850era eta 1etik 166ra.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide