Beste herri batzuetako zaintza arloko egitasmoak ezagutzeko saioa egingo dute asteartean

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 23a

Adineko bi lagun paseoan.

Hernanin eta Usurbilen martxan jarri dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte bi herri horietako udal ordezkariek 16:30ean hasita, Azoka Plazako aretoan. Horrez gain, Pactos de Iruñea eta Banku Partekatua egitasmoak ere aurkeztuko dituzte. Azpeitiko Udala gauzatzen ari den Zaintza Denontzak prozesuaren barruan antolatu du hitzordua.

Zaintza Denontzat prozesuaren barruan, zaintza gaietan beste herri batzuetan egiten ari diren proiektuak ezagutzeko aukera izango da asteartean. Hain zuzen ere, Hernanin eta Usurbilen martxan jarri dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte bi herri horietako udal ordezkariek 16:30ean hasita, Azoka Plazako aretoan. Horrez gain, Pactos de Iruñea eta Banku Partekatua egitasmoak ere aurkeztuko dituzte proiektuen sustatzaileek.

Azpeitiko Udala gauzatzen ari den Zaintza Denontzak prozesuaren barruan hainbat hitzordu egingo dituzte. Batetik, joan zen astean heriotzari buruzko kafe tertulia egin zuten San Martin egoitzan, Lori Anne Thompson Psikologian doktoreak gidatuta. Bestetik, Azpeitian martxan diren zaintzari lotuta herrian diren baliabideen aurkezpena egin zuten asteartean.

Udalak azaldu duenez, gizarteko erronka handienetakoa da biztanleriaren zahartzea, eta horregatik, askotariko proiektuak jarri dituzte azken urteetan martxan han eta hemen, beti ere, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko xedez. Hori dela eta, Azpeitirako inspiragarriak izan daitezkeen beste herri batzuetako esperientziak ezagutzea da astearterako jarri duten hitzorduaren helburua, erakundeak esan duenez.

Saioan parte hartzeko ez da derrigor aurrez izena eman behar, baina udalak esan duenez, komenigarria da, antolakuntza errazteko. Honako lotura honetan edo 943-15 71 92 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. Itzulpen zerbitzua eskainiko dute, halaber, saioan, eta behar duenak eskaera egin beharko du izena emateko bide berberak segituta.

Zaintza eredua eraldatzeko

Azpeitiko Udalak urtearen hasieran hasi zuen Zaintza Denontzat prozesua, zaintzaren gaia erdigunean jartzeko eta zaintza eredua eraldatzeko. Prozesu horren mugarri nagusienetakoa da Zaintza Mahaia eratu izana. Mahai hori herritarrek eta hainbat eremutako profesionalek osatzen dute, eta aldiro biltzen dira. Besteak beste, datozen urteetarako zaintza plana diseinatzea da elkargune horren zereginetako bat.

Prozesua hasi zenetik, Matia institutuaren eta Zabalduz kooperatibaren laguntzarekin, zaintzaren herriko egoerari buruzko diagnostiko kualitatiboa egin dute. Diagnostiko hori herriratzeko topaketa egin zuten irailaren amaieran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide