Azaroaren 25a

Mobilizazioz beteta dator Azaroaren 25a

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 24a

Azpeitiko Feministen Sareak deitutako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Maialen Etxaniz)

Arratsaldean egingo dituzte elkarretaratze nagusiak kalean: Feministen Sarea 18:30ean mobilizatuko da epaitegien aurrean, eta Itaia 19:00etan plazan. Goizean, berriz, IAk antolatutako hitzaldiak eta elkarretaratzeak izango dituzte ikastetxeetan.

Bihar, Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta mobilizazioz beteta dator Azpeitira. Arratsaldean egingo dituzte elkarretaratze nagusiak kalean: Feministen Sarea 18:30ean mobilizatuko da epaitegien aurrean, eta Itaia 19:00etan plazan. Goizean, berriz, IAk antolatutako hitzaldiak eta elkarretaratzeak izango dituzte ikastetxeetan..

Euskal Herriko mugimendu feministak egindako deialdi orokorrarekin bat egin du Azpeitiko Feministen Sareak, eta aurtengoan, egunerokoan ikus daitezkeen indarkeria matxistak sostengatzen dituzten "konplizitate sareak eta anaidiak" salatuko ditu. Hala, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista leloa erabiliko du 18:30ean epaitegiaren aurrean egingo duen mobilizazioan. Itaiak, bestalde, Indarkeria matxistaren aurrean kaleak hartu leloa plazaratuko du Azaroaren 25ean. Antolakunde horrek manifestazioa egingo du 19:00etan, plazatik hasita.

Baina goizean hasiko dira A25eko mobilizazioak, ikastetxeetan. Ikasle Abertzaleek (IA) antolatuta, hitzaldi eta elkarretaratze bana egingo dituzte DBHko eta Batxilergoko herriko hiru ikastetxeetan: Iraurgin, 10:05ean; Ikasberrin, 11:55ean; eta Izarraizpen, 12:45ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide