"Kalte handia egiten digu"

Ian Ruiz Lizaso, Andoni Elduaien eta Gorka Eizagirre 2025eko azaroaren 27a

'Black Friday' izango da bihar, erosleek beherapen handiak espero dituzten eguna. Tokiko merkataritzarentzat erronka handia bihurtu da kanpaina hori.

Black Friday kanpaina azken urteetan indar handiz sartu da Euskal Herriko kontsumo ohituretan. Erosleak beherapen handiak aurkituko dituzten itxaropenez ibiltzen dira egun horren bueltan, eta online plataformak eskaintza ugariz zipriztinduta egon ohi dira. Hala ere, merkatari txikiek egun horri buruzko bestelako ikuspegia dute, jendeak pentsatu gabeko erosketa azkarrak egiten dituelako. Egoera horren aurrean, herrietako denda txikiek eskala handiko kanpainekin lehiatzeko baliabide eta gaitasun faltak dituzte, eta horrek kalte ekonomiko zuzena eragiten die. Azaroaren azken ostirala, modu horretan, herriko merkataritzaren eta kontsumitzaileen arteko tentsioaren irudi nagusia bihurtu da.

Kaioa denden zuzendaria eta Zarauzko Murkil merkartari elkarteko kidea den Ane Agirrebeña zuzena izan da: "Guri kalte handia egiten digu". Denda txikiak dituzten merkatarientzat Black Friday ez da aukera bat, erronka bat baizik. Hark azaldu duenez, egun bateko deskontuek ez dute zentzurik, bezero guztiei berdin balio ez dietelako. "Ezin dugu egun batean egin eta hurrengoan ez. Bezero guztiek tratu berdina merezi dute", esan du.

Kontsumitzailearen ikuspuntua ere azpimarratu du Agirrebeñak. Merkataritza gune handiek eskaintzen dituzten deskontuak benetakoak ez direla nabarmendu du, baita publikoa marketin estrategien jokoan erortzen dela ere. "Nik guztia herriko dendetan kontsumitzen dut: haragia, arraina, zerbait jostea behar badut... dena inguruan egiten dut", azaldu du. Haren hitzetan, tokiko kontsumoa bultzatzea ezinbestekoa da, tokiko ekonomia indartzen duelako merkatari handien aurrean.

Kontsumitzaileen jarrera

Azkoitiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko (KIUB) langile Mila Urzelaik ohartarazi du kontsumitzaileak modu emozionalean erostera bultzatzen dituela Black Friday kanpainak, askotan ezertan pentsatu gabe: "Atzo irratian entzun nuen gutxi gorabehera Euskal Herriko erosle bakoitzak 300 euro inguru gastatzen dituela kanpaina honetan. Eragina nabarmena da".

Urzelaik kontsumitzaileei aholku praktikoak ematen dizkie: "Ezinbestekoa da erosketak aurreikustea, prezioak konparatzea eta eskaintzen dutena benetakoa dela ziurtatzea". Askotan prezioak manipulatu egiten dituztela salatu du; bi aste lehenago prezioak igo, eta gero beherapen handiak ezarri dituzten itxura eman. Kontsumitzaileak sentsibilizatzeko beste mugimendu bat ere aipatu du KIUBekoak: Green Day.  "Erosketak modu arduratsuan eta hurbilean egitera bultzatzen zaituen kanpaina da", gaineratu du.

Azkoitiako Herrixen merkatari elkarteko teknikari Sara Rodriguezek ere azpimarratu du Black Friday kanpainak tokiko salmentak eteten dituela, eta horrek herriko merkataritza ahultzen duela. "Ostiral Beltza, hileko azken ostirala izanik, marka komertzialek deskontu potoloak egiten dituzte, eta herriko salmentak jaitsi egiten dira, jendea deskontu horien zain egoten delako".

Hori dela eta, tokiko kanpainak sortzen dituzte, bezeroak dendetara erakartzeko eta tokiko ekonomia dinamizatzeko: "Egoerari eurre egiteko, guk Super Astea izeneko kanpaina antolatzen dugu. Herriko bezeroak fidelizatzeko modu bat da, eta pizgarri bezala 500 euroko bonu bat zozkatzen dugu". Kanpaina horrek eragin positiboa du, jendeari ilusioa egiten diolako eta Black Friday kanpainaren presioaren aurrean tokiko dendak indartzen laguntzen duelako.

Aukera ala arriskua?

Black Friday mundu osora hedatu da, eta merkatari handientzat aukera bat den arren, denda txikientzat erronka handia bihurtu da. Kontsumitzaileek erosketak emozioz egiten dituzte, askotan ohartu gabe tokiko merkataritzari zer-nolako kaltea egiten dion Ostiral Beltzak. Horren aurrean, tokiko kanpainak nahiz herritar bakoitza kontsumitzaile arduratsua izatea funtsezkoak dira: hau da, oinarrizkoa da prezioak konparatzea, aurrekontuak ezartzea eta, saltoki handietan beharrean, herriko dendetan erostea, tokiko merkataritzak bizirik jarraitzea nahi baldin bada, behintzat.

Agirrebeñaren hitzek ondo laburbiltzen dute egoera: "Tokiko komunitatea babesteak eta kontsumo arduratsua bermatzeak izan behar dute oinarria". Ostiral Beltzaren bezperan, beraz, badakite herritarrek zer egin behar duten: herrikoa lehenetsi, tentazio handien aurrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide