Mugikortasunari buruzko azterketa bat egiten ari da udala eta galdetegi bat bideratu die herritarrei

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 10a

Azpeitiko Udala Klima eta Energia Plana osatzeko prozesuan murgilduta dago, eta norabide horretan, mugikortasunari buruzko azterketa bat abiatu du. Galdetegi bat bete dezatela eskatu die herritarrei, haien mugikortasun ohiturak zeintzuk diren jakiteko.

Herriko mugikortasunari buruzko diagnostiko bat egiten ari da udala, eta Azpeitiko bizilagunen ohiturak, iritziak eta premiak ezagutzeko, galdetegi bat betetzeko galdegin die herritarrei. Esteka honetan bete daiteke galdetegi hori abenduaren 19a baino lehen.

Klima eta Energia Plana osatzeko prozesuan murgilduta dago Azpeitiko Udala, eta plan horren baitako puntuetako bat da mugikortasun jasangarriarena. Norabide horretan, udalak hainbat ekimen bultzatu ditu azken urteotan, horien artean, Auzo-taxi zerbitzua, bide gorriak eta bizikletentzako aparkalekuak.

Azterketa honen bidez, herritarrek zer lehentasun dituzten jakin nahi duela adierazi du erakundeak, "garraio sistema seguru, eskuragarri, irisgarri eta jasangarriak bultzatzen jarraitzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide