Barakaldoko hilketa salatu eta eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 24a

Hainbat lagun, Barakaldoko erailketa matxista salatzeko Azpeitiko Feministen Sareak deitutako elkarretaratzean. (M. Txintxurreta)

Azpeitiko Feministen Sareak atzo arratsalderako deitutako mobilizazioarekin bat egin zuten hainbat lagunek. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu zituzten.

Barakaldoko (Bizkaia) hilketa matxista gaitzesteko eta indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatzeko mobilizaziora batu ziren hainbat lagun atzo arratsaldean. Erailketa gaitzesteko herriko plazan egindako bigarren elkarretaratzea izan zen, bezperan dozenaka lagun batu baitziren Urola Erdiko Itaiak deitu zuen protestara. Atzokoa, aldiz, Azpeitiko Feministen Sareak deitu zuen. 

Igande goizean emakume baten gorpua aurkitu zuten Barakaldoko etxebizitza batean, eta gauean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeria jasan izanaren zantzuak zituen 54 urteko andrazkoaren gorpuak, eta Eusko Jaurlaritzak ordu gutxira baieztatu zuen indarkeria matxistako kasu bat izan zela; 2025ean Euskal Herrian erregistratu den zazpigarrena.

Azpeitiko Feministen Sareak elkartasuna adierazi zien indarkeria matxistaren azken biktimaren senideei, lagunei eta hurbilekoei, eta gogorarazi zuen hilketak "izozmendi baten punta" besterik ez direla: "Azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna". Horrelako erasoen aurrean, autodefentsa feminista aldarrikatu zuen.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide