Argazki irabazlea
Iñigo Olartek lauzpabost aldiz aurkeztu ditu argazkiak Irudhitzen lehiaketara, baina lehen aldiz irabazi du, eta "sorpresaz" jaso du berria. Argazki irabazlea 2021ean aterata dago, Erdikalean. Urtarrilaren 1ean kale buelta bat egitera atera zen bilobekin, eta haietako bati, Laiari, eskatu zion horma irudiaren aurrean jartzeko. Sakelako telefonoarekin atera zuen argazkia. "Pertsona heldu bat eta ume bat paseoan ageri dira horma irudian, eta kalean dagoen umeak haiekin joan nahi duen sentipena ematen du. Galderak sortzen ditu argazkiak", kontatu du. Fikzioa eta errealitatea uztartzen ditu, gainera, irudiak, eta Olartek uste du elementu horiek egiten dutela irudia gustagarri.
Irudhitzen lehiaketaren argazkien atalean gailendu zen Olarte, eta Oier Etxeberria, berriz, testuen atalean. Lehiaketaren ostean Gukak kaleratu duen egutegian, Etxeberriaren testua darama Olarteren irudiak ondoan, eta argazkilariak uste du "oso ondo" egiten dutela bat bi elementuek. "Etorri ederra dauka", esan du, bertsolariari erreferentzia eginez.

Lagun minarekin, Guggenheim museoan
Argazkigintzari lotutako lehen oroitzapenak soldadu joan aurreko garaikoak ditu Olartek. "1978-79an hasiko nintzen argazkiak ateratzen, gurasoen kameratxo batekin". Juan Joxe Agirre zena lagun handia zuen, eta hark aholkatuta, beste kamera bat erosi zuen gerora. 2006an hasi zen bere lehen artxibo digitalarekin, eta 2008an batu zen Azpeitiko Argazki Elkartera, Iñaki Aranburu kuadrillako lagunak bultzatuta. Ordutik, elkarte horretan dabil buru-belarri, eta Aranburekin jarraitzen du han-hemenka argazkiak ateratzen. Irudi honetan, Aranburu ageri da, Guggenheim museoan. "Nire argazki askotan agertzen da", dio.

Musa, emaztea
Iñaki Aranburu baldin bada Olarteren argazki askotako protagonista, emaztea du "musa". Olartek, joaten den lekuetara joaten dela, soinean eraman ohi du motxila, barruan kamera eta tripodea dituela. Emaztearekin egiten dituen ibilaldietan argazkiak ateratzea gustatzen zaio, eta hau horietako batean hartutako irudia da, Gazume mendiaren azpian, Zelatundik etxera bidean. "Natura bere horretan jasotzea baino nahiago izaten dut paisaian pertsona bat kokatzea", azaldu du.

Katagorriak ikustera joan, eta...
Olarterentzat "oso aberasgarria" izan da Azpeitiko Argazki Elkartean murgildu izana. Elkarrengandik ikasteko eta formatzeko aukera eman dio taldeak, eta ez hori bakarrik; afizio bera duten hainbat lagun elkartu dira. Azpeitian eta inguruetan sarri-sarri atera ohi dituzte argazkiak, baina urrunago ere joan ohi dira. Egun batean, katagorriei argazkiak ateratzera joan ziren Guardia (Araba) aldera, eta Ysios upategian amaitu zuten. Ardorik ez zuten probatu, itxita zegoelako, baina argazki ikusgarri honekin itzuli zen Olarte etxera.

Cadizen, oporretan
Familiarekin oporretara joaten denean ere argazkiak ateratzen denbora igarotzen du Olartek. Etxeak, txoko bereziak, hormak, leihoak... argazkietan jasotzea gustatzen zaio. Irudi hau Cadizko (Espainia) Alde Zaharrean ateratakoa da. Gaur egun, jubilatuta dago Olarte, eta urteetan atera dituen argazkiak albumetan biltzen ari da, dena ondo eta txukun antolatuta izateko.

Argi-itzalekin jolasean
Zaragozako (Espainia) Fuendetodos herrira joan zen Olarte oporretan, Goya margolaria zenaren jaioterrira. Baina egun batean goiz esnatu zen, lo egin ezinik, eta buelta bat ematera irtetea erabaki zuen, kamera eskuan hartuta. Abandonatutako museo bat aurkitu zuen bidean, eraikitzen hasi eta amaitu gabekoa, eta hara hurbiltzean, eremura argitasun ederra sartzen zela ohartu zen. Argi-itzalekin jolastuz, argazki hauxe atera zuen. Argazki gutxitan azaltzen da Olarte, baina urrunean eta itzalean bada ere, honetan ageri da.

Getxophotora bisita
Getxophoto nazioarteko irudien jaialdian ateratako argazkia da goikoa, Bizkaiko herrian. Kasu honetan ere Aranburu laguna izan zuen egun-pasarako konpainia Olartek, eta egile ezberdinen proposamenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten biek, beren jardunean aplikatzeko ideiak hartuz. "Polita izaten da jaialdia, eta behin baino gehiagotan joan izan gara", adierazi du.

Ikustaldi gehien izan dituena
Argazkilariak Flickr-en duen kontuan ikustaldi gehien dituen argakia da hau. "6.000 lagun inguruk ikusi dute. Batzuentzako hori ez da asko izango, baina niretzako hala da", esan du, umil. Duela bi urte atera zuen argazkia Opakuan (Araba), eta badirudi zuhaitzaren itxura berezia jendeari gustatu zaiola. "Zer izan behar duen argazki batek ona izateko? Teknika hobetu daiteke, argitasunak bere garrantzia du, enkoadraketa landu daiteke... baina garrantzitsuena norberari gustatzea da".

Gustukoena, aldaba
Aldaba berezi honi ateratako argazkia da Olarteri bere bilduma potolotik gehien gustatzen zaionetako bat. "Xumea da, baina gustatu egiten zait", esan du. Opakuan ateratako argazkia da, txabola baten kanpoaldean.