Albistegia

Lehen eguzki printzekin, eguneko aurreneko danbor hotsak

Urtzi Oteiza eta Nerea Uranga 2026ko urtarrilaren 20a

Izarraitz txistulari taldekoak, Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak, Udal Musika Banda eta Gure Ametsa eta Ardozaleak danborradako taldeak izan dira San Sebastian eguneko goizeko protagonistak. Diana, kalejira, korporazioa, prozesioa eta meza egin dituzte.

Lehen eguzki printzekin batera, danbor hotsek eta sansebastianetako doinuek hartu dituzte berriro Azpeitiko Alde Zaharreko kaleak gaur goizean. San Sebastian egunean ohi den moduan, Aldalurren Diana-ren doinuak nagusitu dira gaur ere Alde Zaharreko kaleetan. Aurrenak kalejiran Izarraitz txistulari taldekoak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izan dira. Segidan, horiei Udal Musika Banda eta Gure Ametsa eta Ardozaleak helduen danborradako taldeak batu zaizkie, eta kalez kale ibili dira.

Ondoren, udal ordezkariak korporazioan parrokiara joan dira, eta prozesioan atera dute herriko zaindariaren irudia, Enparan kalean eta Elizkalean ibili ondoren, parrokiara bueltan, eliza barruan San Sebastian martxa jo dute, eta bi dantzarik aurreskua dantzatu dute aldare aurrean. Prozesioan herritar gutxik parte hartu du, baina eliza jendez bete-beteta egon da, San Sebastian martxa jo duten bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide