Bandera jaitsi ondoren festan jarraitu zuten 2026ko sansebastianetako azken danborradako partaide batzuek. Itzaldu beharrean, eztanda egin zuen festak Plaza Txikian. Izan ere, elkartekoen ereserki ez-ofizial bihurtu duten Sweet Caroline kantu ezaguna beraiek bezala egoitza plazatik behera duten bandera jaitsierako taldeekin partekatu zuten Basazabal elkartekoek han, eta horren lekuko dira han ziren herritarrek telefonoekin grabatutako bi bideo hauek.
Kirol ekitaldi askotan ere ohikoa bihurtu den Neil Diamonden kantua bozgoragailuetatik entzuten zela, Basazabalekoek, Arauntzakoek, Oilo-Sorokoek eta Irrintzikoek borobil handia osatu zuten Plaza Txikian. Basazabaleko taldearen zuzendari Juanjo Lapeira erdian zela, hark zuzenduta, abestiaren erritmoa danborrekin eta txapekin lagunduz eta koreografia jarraituz, kantuan eta dantzan agurtu zituzten festak danborradako talde horiek, inguruan gelditzen ziren ikusle apurrekin batera.
Eta egitarautik kanpoko ezusteko ekitaldi alai horrekin bukatu ziren aurtengo sansebastianak. Azpeitiko danborradaren errepertorioa handituko ote da datozen urteetan?