Amande Anin: "Euskararen kontra jokatzen duten indar asko ditugu Ipar Euskal Herrian"

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 24a

Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduraduna. (Utzitakoa)

Euskara bidegurutzean zikloko bigarren hitzaldia izango da bihar, asteazkena, 19:00etan, Basazabal jauregian. Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko kidea Ipar Euskal Herriaren egoera linguistiko "oso bereziaz", euskal hiztun kopuruaz, indarguneez nahiz erronkez mintzatuko da. Naziogintza taldeak antolatu du zikloa.

Naziogintza taldeak antolatutako Euskara bidegurutzean zikloko bigarren solasaldia izango da bihar, asteazkena, 19:00etan, Basazabal jauregian. Saio horretan, Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoari buruz hitz egingo du Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko ebaluazio misioko arduradunak.

Ipar Euskal Herriaren egoera linguistikoa "oso berezia" da, Amanderen hitzetan. "Euskararen kontra" jokatzen duten indar asko dituzte lurralde horretan EEP-ko kideak aurreratu duenez: "Hasteko, Euskal Herrian euskara ofiziala ez den lurralde bakarra gara. Iparraldean, euskararen normalizazioa talde, herri edo norbanako jakin batzuen borondatearen ondorioa izan da usu. Hizkuntza politika oso berria da –hogei urte bete dira aurten–; ondorioz, euskararen instituzionalizazio prozesua garapen fasean dago".

Hego Euskal Herrian bezala, zahartzen ari den jendartea dute Iparraldean ere, eta horrek ere eragina du euskal hiztunen kopuruan. Honakoa nabarmendu du Aninek: "Iparraldean adin tarte zaharrenetan dira euskaldun proportzio eta kopuru handienak. Aldiz, hemengo biztanleria azkarki handitu da azken hamar urteetan. Biztanleriaren hazkundea EAEn baino askoz azkarragoa izan da, eta hazkunde hori, kasik bakarrik, migrazio fenomenoari lotua da. Etortzen den jende berri hori gehienbat erdalduna da, beraz".

Amande Anin: "Euskal hiztunen apaltze nabarmen bat izan da Iparraldeko lurralde guztietan, baita euskaldunenak zirenetan ere"

Gaur egun, gutxi gorabehera 51.000 hiztun dira euskaraz egiten dutenak Ipar Euskal Herrian, "biztanleriaren %20,1a, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera", zehaztu du Aninek. Euskal hiztunen kopurua apaltzen joan da azken hiru hamarkadetan, baina azken hamar urteetan apaltze horren abiadura moteldu egin da: "2016an %20,5 euskal hiztun ziren". Euskal hiztunen kopuruaren jaitsiera moteltzearen arrazoiak ere aipatuko ditu EEP-ko kideak gaur Basazabalen emango duen hitzaldian, baina gertaera hori "irakaskuntzaren arloan egin diren indarrei lotua" dago, haren ustez. Emandako aurrerapausoak emaitzak izan arren, aurrera begira egitekoak asko direla dio Aninek. "Euskararen kontrako indarrak kontuan harturik, lortu dena ez da gutxi, baina bidea oso luzea da. Gaitasunaren borroka asko eraman baldin bada azken urteetan, erabilerarena izan beharko da ber heinean datorren urteetakoa. Apaltze nabarmen bat izan da Iparraldeko lurralde guztietan, baita euskaldunenak ziren lurraldeetan ere, Nafarroa Beherean eta Zuberoan –hor ere parte handiz fenomeno demografikoei lotuta–".

Euskararen erabilera sustatzeko Ipar Euskal Herrian dituzten erronken gainean ere hitz egingo du bihar Aninek, eta horietako batzuk honakoak direla aipatu du: "Asko dira Iparraldean ditugun erronkak, hala nola familia bidezko transmisioa, euskarazko eskolatze eskaintzaren garapena, euskarazko eskolatze eredu batean diren gazteen jarraipena, helduen euskalduntzea, hizkuntzaren ikusgarritasuna eta gure lurraldearen errealitateari egokituriko normalizazioa eta euskararen babesguneen garapena".

Maiatzera bitarteko zikloa

Urtarrilean hasi zuen solasaldi zikloa Naziogintza taldeak; hain zuzen ere, urtarrilaren 22an, Jon Sarasua irakasleak Euskararen etorkizun ikuspegia: nora goaz? hitzaldia eskaini zuen Basazabalen. Beraz, biharkoa zikloko bigarren hitzordua izango da. Euskarak gaur egun bizi duen egoeraren diagnostikoa osatzeaz gain, teoriatik praktikara igarotzea du xede egitasmoak: larrialditik pizkunderako bidea marrazteko proposamenak biltzea.

Zikloa osatuko duten datozen hilabeteetako gainontzeko saioak honakoak dira: martxoaren 18an, UEMA, euskararen lurgunea josten hitzaldia izango da Miren Segurola UEMAko koordinatzailearen eskutik. Apirilaren 16rako, berriz, immigrazioak euskararengan duen eraginari buruzko mahai ingurua antolatu dute Iñaki Iurrebaso, Jon Sarasua eta Xabier Aierdirekin. Zikloko azken solasaldia maiatzaren 12an izango da, Kike Amonarrizek euskarak Tolosan (Gipuzkoa) izan duen bilakaera arrakastatsuari buruz hitz egingo du Basazabalen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide