Martxoaren 8a

Martxoaren 8ko adierazpena aho batez onartu dute udalbatzarrean

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 4a

Atzoko udalbatzarreko bozketa bat. (Mailo Oiarzabal)

"Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea" aldarrikatuz, politika feministetan sakontzeko sei konpromiso jaso dituzte adierazpen horretan, eta Azpeitiko Sare Feministaren igandeko ekintzetan parte hartzera deitu du erakundeak.

Udalbatzar laburra izan zen atzokoa. Gai zerrendan bozkatu beharreko kontu denak aho batez onartu zituzten; horien artean, Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala.

"Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea" aldarrikatuz, politika feministetan sakontzeko sei konpromiso jaso dituzte adierazpen horretan, eta Azpeitiko Sare Feministaren igandeko ekintzetan parte hartzera deitu du erakundeak.

Hona hemen, Azpeitiko Udalak 2025eko Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian onartu duen adierazpena:

"Martxoaren 8a, orain arte lortutakoa ospatzeko eguna izatetik haratago, honaino iristeko borroka egin duten Mugimendu Feministaren eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gainean jartzeko eguna da. Antolakuntzaren bidez eta interpelazioak eginez, jendarte guztia eskubideen aldeko borrokan inplikatzeko gaitasuna izan du mugimendu feministak, eta ezinbestekoa da eragin horretaz mintzatzea.

Dagokion arduratik, Martxoaren 8ari begira, adierazpen hau aurkeztu du Azpeitiko Udalak ere.

Azken urteotan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturala ukatzen duten, indarkeria matxista zalantzan jartzen duten eta feminismoa mehatxu bat balitz bezala gutxiesten duten diskurtsoen gorakada kezkagarri bat ikusten dugu. Feminismoa urrunegi joan dela ere defendatzen dute ahots erreakzionarioek. Nola esan daiteke feminismoa urrunegi joan dela oraindik ere soldata arrakala, sektore feminizatuen prekarizazioa edota erailketa matxistak pairatzen ditugunean? Horrek erakusten du desberdintasunak eta egiturazko botere harremanak desagerrarazteko borrokan jarraitu behar dugula.

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua; hain zuzen, emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko.

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Hori dela eta, Azpeitiko Udalak politika feministak egonkortzen jarraitu nahi du, urte hauetan guztietan egindako lanari balioa eman eta aurretik datorrenari indarrez heltzeko. Hurrengo urtean, 20 urte beteko diru udaleko Parekidetasun sailak, eta aurten, hamabost urte Emakumeen Txokoak; ospakizun urteak izango dira, beraz, 2026a eta 2027a. Azken 20 urte hauetan bezala, Azpeitia parekideago eta berdinzaleago bat eraikitzeko urratutako bidetik lanean jarraituko du udalak, egungo erronka eta beharrizan berrietara egokituz. Hori dela eta, Parekidetasun saila izatetik, Politika Feminista eta LGTBIQ+ saila izatera igaro da aurten.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, Azpeitiko Genero Berdintasunerako II. Plana onartu berri duela udalak, zeina datozen sei urteetan berdintasun politiken iparrorratz izango den herrian.

Horregatik, Azpeitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Politika feminista eta LGTBIQ+ saila egonkortzeko apustua egitea eta Emakumeen Txokoko bi lanpostuak Lanpostuen Zerrendan sartzea.
  • Azpeitiko Genero Berdintasunareko II. Plana martxan jartzea.
  • Berdintasun politikei zentralitatea eta behar adina baliabide eskaintzea.
  • Mugimendu feministarekin eta emakumeen mugimenduekin egin beharreko lankidetza sustatzea.
  • Tokiko eremutik, lehentasunezko kolektiboekin esku hartzea, haien jarrera antifeministak eta maskulinitate toxikoak desmuntatzeko.
  • Erresistentzia aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera antifeministak identifikatzeko eta eteteko bizikidetza espazioetan eta komunitate birtualetan.

Dei egiten diegu herritarrei bat egin dezaten Martxoaren 8an Azpeitiko Sare Feministak 12:30ean deitutako mobilizazioan parte hartzera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide