Domusa Teknik 40 MLK probaren antolatzaileek ibilbidea ezagutzeko entrenamendu irekiak antolatu dituzte aurten ere. Lasterketaren ibilbidea bi zatitan banatuta ari dira prestaketak egiten. Pasa den larunbatean Azpeitia eta Mandubia arteko 34 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta martxoaren 28an Mandubia eta Azpeitia arteko 31 kilometroko bidea osatuko dute.
Hilaren 28an, 07:30ean jarri dute hitzordua Azpeitiko anbulatorio parean, eta handik autobusez Mandubira joango dira parte hartzaileak. Ibilbidearekin hasi aurretik, baina, Korrikaren aldeko argazkia aterako dute, arratsaldean Korrika Azpeititik igaroko delako, eta antolatzaileek euskararekiko duten konpromisoa adierazi nahi dutelako. Ondoren, Mandubitik Azpeitira 31 kilometroko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek. Entrenamendu saioaren ostean, Sanagustin kulturgunean mokadutxo bat egiteko aukera egongo da, eta Azpeitiko igerilekuan dutxatzeko aukera ere izango da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, erritmo desberdinetako taldeak osatuko dituzte, beti ere antolakuntzarenak errespetatuz. Azken taldearen erritmoa lasterketaren mozketa denboraren berdina izango da, gutxi gorabehera.
Entrenamendu saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da lotura honetako formularioa betez. Federatuek 5 euro ordaindu beharko dituzte; aldiz, federatu gabeek 10 euro.
Maiatzaren 9an izango dira Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probak, Azpeitian. Lasterketa luzean bosgarren edizioa jokatuko da eta motzaren hirugarrena, Herritik herriarentzat lelo hartuta.