Eguraldia lagun, ehunka korrikalarik parte hartu zuten atzo, zapatua, Diego Garciaren omenezko 33. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdian. Inoizko parte hartzaile kopuru handiena ibili zen atzo korrika Azkoitia eta Azpeitia artean; izan ere, 2.000 korrikalari inguru batu zituen probak: 1.300 eskas maratoi erdian, eta 700 inguru zortzi kilometroko lasterketan.
Nazioarteko korrikalari dezentek parte hartu zuten lasterketan, baina baita bi herrietako lagun ugarik ere. Bakoitzak bere helburu propioak izan arren, guztiek asmo bat eta bakarra zuten atzorako: ondo pasatzea. Izan ere, horixe da Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen probaren xedea: elite mailako korrikalarien eta herri mailako lasterkarien uztartzetik sortutako lasterketa izatea.
Mark Kosgey Kiptoo eta Diana Wanza kenyarrek irabazi zuten maratoi erdia, eta Ane Bosch azkoitiarrak eta Mikel Velasco arrasatearrak zortzi kilometroko proba. Kiptook eta Wanzak, gainera, marka berriak ezarri zituzten atzo. Kiptook hirugarrenez jantzi zuen Azkoitia-Azpeitia probako txapela; orain arte inork ez du horrenbeste aldiz irabazi proba hori. Aldiz, Wanzak denbora errekor berria ezarri zuen. 01.07.31 denbora eginda, nagusitasunez lotu zituen hark Azkoitiko irteera eta Azpeitiko helmuga.
Gukak atzoko lasterketan parte hartu zuten zenbait lagunekin hitz egin zuen, nola irteeran, hala helmugan. Haien asmoak eta bizipenak jaso zituen bideo honetan, baita Agustin Jimenez antolatzailearen adierazpenak ere.