Erreportajeak

Transhumantzia Azpeititik Aralarrera, antzinako eran

Maddi Txintxurreta-Urtzi Oteiza-Usua Garin 2026ko maiatzaren 2a

Urtero bezala, Azpeitiko Amaia eta Ander Segurola anai-arrebek dunba eta marraka hotsen artean oinez egin dute Elosiaga auzotik Abaltzisketarako bidea. 300 ardirekin egin dute transhumantzia antzinako eran, udako hilabeteetan Aralarren larratu dezaten. 

Goizean goiz jaiki, Elosiaga auzoan duten gaztandegiko ardiak jetzi, eta Potzumentara abiatu ziren Ander eta Amaia Segurola artzainak. Zain zuten bezperan hango larre batera eramandako artaldea, Aralarko larreetan bazkatzeko bide luzeari ekiteko prest. Mandoa eta Ander Segurola abiatu ziren taldearen buruan, haiei segika ardiak, eta atzetik egin zuen bidea Amaia Segurola, Andi txakurraren ezinbesteko laguntzarekin artaldea. 

Usadio zaharra da transhumantziarena, baina ardiak bazkaleku batetik bestera oinez eramateko tradizioa mantentzea erabaki dute Segurola anai-arrebek, eta horrela eraman zituzten asteartean 300 ardi Azpeititik Abaltzisketara, bidean mendiak nahiz errepideak gurutzatuz. Ardi bixienei lepotik dunbak –txintxarri handiak– zintzilikatu eta Urraki gainera igo ziren mendiz; Goiatz, Bidania eta Santa Marina arteko bidea egin zuten errepidez; Santutxotik Legorretara jaitsi ziren; handik Baliarraingo urtegira igo ziren, eta bertan bazkaltzeko atsedenaldia egin ostean, Abaltzisketara iristeko azken kilometroak egin zituzten.

Gipuzkoako herri txiki horretan duten baserriko larreetan igaro zituen artaldeak ostirala arteko egunak, eta atzo igo zituzten Txindokiren magaleko lurretara, urtero maiatzaren 1ean egiten duten Aralarko larreen irekiera aprobetxatuz. Ardi antzuekin egin dute oraingoan bide luzea, eta ekainaren erdialdean eramango dituzte ardi esnedunak Aralarrera, kamioez. Orduan hasiko du familiak udako egonaldia: Beltzulegiko bordan igaroko ditu datozen hilabeteak, Idiazabal jatorri izendapeneko gazta egiten.   

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide