44. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa martxan jarri dute

Mailo Oiarzabal 2026ko maiatzaren 5a

Iazko kartel lehiaketaren erakusketa. (Nerea Uranga)

Lehen aldiz, egileek digitalki aurkeztu beharko dituzte udazkenean egingo diren topaketen irudi izateko proposamenak. Maiatzaren 29an itxiko dute kartelak aurkezteko epea.

Udazkenean egingo diren 44. Euskal Antzerki Topaketak antolatzeko lanean jarraitzen dute Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kultur kooperatibak. Duela aste batzuk aurtengo Topaketetan parte hartu nahi duten antzezlanak aurkezteko epea itxi ondoren, orain 44. edizioaren irudia aukeratzeko kartel lehiaketa jarri dute martxan.

Gainera, berrikuntza nabarmen batekin dator aurten kartel lehiaketa: lehen aldiz, egileek digitalki aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak, udalaren Azpeitia.eus webguneko Tramiteak ataleko egoitza elektronikoaren bidez. JPG, TIFF eta PDF formatuak onartuko dituzte, 72 dpi-tan (RGB) eta 300dpi-tan (CMYK), azken hori 5 milimetroko koskarekin. Bestetik, 450mm x 680mm-koa izan behar da aurkeztutako lanen neurria. Maiatzaren 29a arte aurkez daitezke lanak lehiaketara.

Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake lehiaketara, jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketatan saritu gabeak. Aurten ere sari bakarra banatuko du kartel lehiaketak: 900 euro jasoko ditu Euskal Antzerki Topaketen irudi izateko aukeratutako lanaren egileak.

Hiru adituk osatuko dute antolatzaileek izendatutako epaimahaia, eta honako irizpideak izango dituzte kontuan kartelak epaitzerakoan: sormena, kalitate grafikoa nahiz plastikoa, deigarritasuna, eta erreproduzitzeko nahiz editatzeko erraztasuna. Epaimahaiak bere erabakia eman aurretik, lehiaketara aurkezten diren lanekin –"gehienez hogeirekin", udalak zehaztu duenez– erakusketa egingo dute.

Ondoko loturan irakur daitezke lehiaketaren oinarri osoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide