Haurrak ageri ziren sexu izaerako 110.000 artxibo informatiko aurkitu ditu poliziak Azpeitiko 71 urteko gizon baten gailu elektronikoetan. Aurrekariak ditu gizonak: 2011n haurrak galbideratzeagatik eta 2014an adin txikikoen pornografia delitua leporatuta atxilotu zuten. Asteartean miatu zuten haren etxea, eta gaur goizean utzi dute gizona epailearen eskuetan. Azpeitiko Instantziako Auzitegiko Instrukzioko eta Arlo Zibileko Atalak gizona behin-behinean aske uztea erabaki du.
Gertakari horien aurrean, Urola Erdiko Itaiak deituta elkarretaratzea egin da gaur 19:30ean Azpeitiko plazan. Jendetza batu da mobilizatzeko deialdira. Erasoen aurrean antolatzeko eta eraso matxistei aurre egiteko oihuak entzun dira mobilizazioan, egoera salatzeko eta horrelako kasuen aurrean kalea hartzeko aldarrikatu dute. "Eguneroko kontua da indarkerai matxisten auzia, eta aste honetan bigarren aldia da plazan elkartzen garela", esan dute Arguedaseko hilketa matxista salatzeko asteartean egindako elkarretaratzea aipatuz. "Egoera hau astakeria bat da, eta modu horretan erantzun beharra dago", gaineratu dute Itaiako kideek.
Haur pornografia leporatuta atxilotu duten gizonaren kasuari lotuta, adierazi dute garrantzitsua dela aipatzea "gizon horrek gaiari lotutako aurrekariak zituela esatea". "Nola da posible horrelako aurrekariak izandako pertsona bat, berriro ere berdinagatik atxilotzea? Eta, gainera jakin dugu berriro aske dagoela gizon hori. Horrelako kasuek erakusten dute indarkeria matxistaren kontrako legeak hutsuneak dituela, eta ustez gu babesteko dauden legeen aurrean, babesik gabe gaudela".
Atxilotutako gizonaren kasua kontuan hartuz, "gizon horrek azken 12-15 urteak inpunitate osoz" pasatu dituela salatu dute. "Bere posiziotik pornografiaren industrian zaurgarritasun egoeran dauden adingabeen egoeraz aprobetxatu da. Ezin dugu horrelakorik onartu". Erasotzaileen inpunitatearekin bukatzeko antolatu beharra aldarrikatu du Itaiak gaurko elkarretaratzean, eta erasorik ezin dela utzi erantzunik gabe, adierazi du.
Eraso matxista bakoitzari aurre egitera deitu du. "Emakumeon aurkako jarrerek ez dezaten lekurik izan ez gure kaleetan, ez etxeetan, ez Interneten eta ez inon". Hori esan ondoren, emakumeen antolakunde sozialistak indarkeri matxistaren kontra borrokatzen segituko duela azpimarratu du. "Antolakuntzarik gabe ez dagoelako konponbiderik".
(Argazkiak: Nerea Uranga eta utzitakoak)