Skapaieren emanaldiarekin, epaiaren zain gelditu da elektrotxarangen lehiaketa

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 31

Azpeitiko elektrotxarangak egindako saioarekin bukatu da Euskal Herriko bosgarren Elektrotxaranga Lehiaketa. Lau larunbatetan sei talde ibili dira Alde Zaharra girotzen. Datozen egunetan jakinaraziko dute irabazlearen izena; aurten, gainera, hiru talde sarituko dituzte.

Ostikada elektrotxarangak, azken orduko arazoak tarteko, bertan behera utzi zuen atzo Azpeitian egitekoa zen saioa, baina Skapaiek ez zuen hutsik egin. 20:00etan Perez Arregi plazatxotik abiatuta, Azpeitiko taldea ordu eta erdiz aritu zen Alde Zaharra girotzen, dozenaka herritar inguruan kantuan eta dantzan zituela.

Atzokoarekin, osatuta gelditu da Euskal Herriko bosgarren Elektrotxaranga Lehiaketaren egitaraua. Maiatzeko lau larunbatetan sei talde ibili dira Alde Zaharrean gora eta behera: maiatzaren 9an, 3indarrok elektrotxaranga; maiatzaren 16an, Joseto ta Alayak eta Elektrotxufla; maiatzaren 23an, Sakatu! eta Patxangoi; eta atzo, Skapaie. Horrenbestez, aurreikusitako lau jardunaldiak eginda, Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak elkarlanean antolatzen duten lehiaketaren aurtengo irabazlea zein den jakitea bakarrik falta da orain.

Aurten, gainera, hiru sari banatuko dituzte aurreneko aldiz. Lehiaketaren irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro, eta hirugarrenak 1.000 euro. Horrez gainera, elektrotxaranga irabazleak saninazioetan jotzeko aukera izango du. Udalak esandakoaren arabera, irabazleak aukeratzeko ardura musikan adituak diren epaimahaikideek izango dute, eta kontuan hartuko dituzten irizpideak honakoak izango dira: musikaltasuna, sonoritatea, publikoarekiko interakzioa, errepertorioaren aniztasuna, euskararen erabilera eta parekidetasuna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide