Bero saparekin igaro dute gaurko festa eguna ere Urrestillan. Ezohiko San Joan eguna izan dute aurtengoa, bero boladaren ondorioz prozesioa bertan behera utzi behar izan dutelako. Hala ere, 11:00etan hasita, trikitilari gazteak kalejiran ibili dira buruhandien eta erraldoien laguntzaz, eta ume zein gaztetxoekin ederki gozatu dute horiekin. Kale buelta egin ondoren, meza nagusia izan da, eta herritar ugari bertaratu da elizkizunera, meza entzutera eta lore sorta bedeinkatzera.
Iluntzean, 20:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Urrestillan. Aiama, Fan&Go eta Indate DJa ariko dira plazako agertokian.
Ostiralera arte ospatuko dituzte sanjoanak Urrestillan. Bihar, San Joan Txiki eguna ospatuko dute, eta sagardo dastaketa, mus txapelketa eta puzgarriak izango dira protagonista. Ostiralean, San Joan Hirugarrenean, patata tortilla lehiaketa egin ondoren botako dute atzo sartu zuten lizarra.
Hona hemen datozen egunetako egitaraua:
Bihar, osteguna: San Joan Txiki eguna
- 12:30. Sagardoa.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:15. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Haurren merienda.
Etzi, ostirala: San Joan Hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.