San Sebastian bezperako danborrada bi multzotan banatuko da eta ibilbidea mantenduko du

Maialen Etxaniz 2026ko uztailaren 1a

Azpeitiko plaza, San Sebastian bezperako danborradan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Atzo egin zuten danborradako taldeetako ordezkarien bozketa. Aurrerantzean, 24 taldek joko dute plazan San Sebastian bezperako helduen danborradan eta hamabi taldek parrokian. Beste hainbat erabaki ere hartu zituzten atzoko batzarrean. 

Hartu dute erabakia: San Sebastian bezperako helduen danborrada bi multzotan banatuko da eta ibilbidea mantenduko den arren, talde guztiek ez dute geldialdirik egingo Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Bart egin dute plazako espazio faltari erantzuteko bozketa, eta mahai gainean zeuden hiru aukeretatik Danborradako Batzordeak proposatutako aurreneko alternatiba izan da boto gehien bildu dituena: danborradak gaur egungo ibilbidea mantentzea, parrokian geldialdi bateraturik ez egitea eta gauerdiaren aurretik danbor taldeak bi multzotan banatzea.

Beraz, ohiko ibilbidea egin ostean, aurreneko hamabi danbor taldeak Plaza Txikira iristen direnean, Done Jakue kalean behera parrokiara joango dira, eta gainerako 24ak, ohi bezala, plazara. Era horretan, bi tokitan banatuta joko dituzte San Sebastian martxa eta haren aurreko eta ondorengo piezak. Parrokian egokitzen zaien taldeek parrokian bukatuko dute danborrada, eta plazakoek, plazan. Asmoa da parrokiakoek Udal Musika Bandak kioskoan jotzen duen musika entzutea bozgorailuetatik. Era berean, pantaila bat jarriko dute parrokiaren atarian, plazako giroa ikusteko.

Arazo bat, hiru proposamen

Maiatzean jakin zen albistea: hiru talde berri aterako dira 2027ko San Sebastian bezperako helduen danborradan, Santiyo taldea, Udal Euskaltegia eta Bertan merkatari elkartea. Era horretan, 36 taldek irtengo dute datorren urteko festan. Horrek Danborradako Batzordea hainbat erabaki hartzera bultzatu du  –udal ordezkariek eta txandaka aldatzen diren zenbait taldetako ordezkariek osatzen dute batzordea–, jakinekoa baita plazako espazio falta arazoa dela duela hainbat urtetatik.

Espazio faltari erantzuteko xedez, batzordeak hainbat aukera aztertu zituen, eta talde guztietako ordezkariekin bildu ostean, bi proposamen jarri zituen mahai gainean. Aurreneko aukera zen bi tokitan banatuta jotzea San Sebastian martxa eta haren aurreko eta ondorengo piezak. Kasu horretan, parrokiko taldeek han bukatuko lukete danborrada, eta plazakoek, plazan. Ibilbidea mantenduko litzateke. Bigarren aukera aurrenekoaren ia berdina zen, baina ohiko pieza guztiak jo ondoren, parrokian jotzea egokitutako hamabi taldeek plazara joateko aukera izango lukete, han beste pieza batzuk jo ahal izateko. 

Horiez aparte, hirugarren  alternatiba bat proposatu zuen Julian Barrenetxeak: Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako geldialdia mantetzea eta talde berriak inguruko kaleetan kokatzea –Elizkalea, Done Jakue kalea eta Erdikalea–, plazako geldialdian talde batzuk Azoka Plazaren barruan kokatzea –lau bat talde– eta talde berriak plazaren ondoko kaleetan kokatzea –Goiko kalean, Done Jakue kalean eta Plaza Txikian–.

Txandakatzeak eta urteurrenak

Erabaki nagusiena hartuta, horri lotutako beste hainbat zehaztasun landu zituzten atzoko batzarrean. Aurrerantzean, taldeen kokalekuen txandakatzea bosnaka egin beharrean hamabinaka egingo dute; izan ere, hamabi talde ariko dira parrokian, eta txandakatzea bizkorragoa izateko helburuarekin hartu dute erabakia. Hamabi taldeko multzoaren barruan ere ordena aldatzen joatea aurreikusten dute. 

Urteurren jakin batean –taldearen 25., 50. edo 75. urteurrenean, esaterako– parrokian jotzea tokatzen zaion danbor talderik balego, plazan jotzeko aukera eskainiko diote. Kasu horretan, salbuespen gisa, 25 talde ariko dira plazan, eta bat gutxiago parrokian. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide