Mirari Uriak ez du Realean segituko

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 2a

Mirari Uria 100 partida jokatu berritan.

Uriak eta Realak eten egin dute 2027ra arte sinatuta zuten kontratua, talde txuri-urdinaren arabera, bi aldeen "adostasunarekin". Zazpi urte egin ditu azpeitiarrak Realean, eta ikusteko dago zer norabide hartuko duen haren futbol ibilbideak. 

Mirari Uriak eta Realak eten egin dute 2026-2027 denboraldira arte sinatuta zuten kontratua. Gaur eman du horren berri talde txuri-urdinak, eta zehaztu du bi aldeek "adostasunez" hartu dutela erabakia. Zazpi urte Realean eginda, ikusteko dago zer norabide hartuko duen azpeitiarraren futbol ibilbideak.

Iazko apirilean bi urterako berritu zuen Uriak Realarekin zeukan kontratua, baina akordioan jasotakoa baino lehenago erabaki dute hura etetea. Realak "eskerrak" eman dizkio Uriari urteotan erakutsitako dedikazioagatik, eta etorkizunean zorte ona opa diola adierazi. 

2019an debutatu zuen Uriak Realeko emakumeen talde nagusiarekin, artean bigarren taldeko jokalaria zela, Anoetan, Athleticen kontrako ligako derbian. 2021etik izan da talde nagusiko jokalaria. Besteak beste, Erreginaren Kopan, Liga F-n eta UEFA Women's Champions League txapelketetan lehiatu da urte horietan denetan, Realaren hitzetan, beti klubaren "koloreak konpromisoz, lanarekin eta profesionaltasunez" defendatuz. Gainera, 100 partida jokatu dituen Realaren harrobiko lehen jokalaria izan da Uria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide