Gaur goizean hasi dute Izarraizpe Open izeneko speedcubing txapelketa Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoan. Euskalcubing elkarteak eta Espainiako Speedcubing Elkarteak antolatu dute lehia, Mikel Manterola eta Ruben Lopez buru direla. Txapelketa gaur hasi badute ere, bihar ere izango du jarraipena; izan ere, igande arratsaldean jokatuko dituzte finalak. Guztira, 40 bat lagun ari dira txapelketan parte hartzen, eta horietako asko urrutitik etorri dira: Frantziatik, Portugaldik eta Espainiako hainbat txokotatik, besteak beste. Euskal hiztunak diren partaide batzuekin eta Mikel Manterola antolatzailearekin hitz egin du Gukak, txapelketaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko.