Urolako trena 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuten. Zumarragatik (Gipuzkoa) Zumaiarako bidea egiten zuen tren horrek, eta bidaiarien eta merkantzien garraioan eginkizun garrantzitsua bete zuen. Hondartzara joateko, lanerako, gutunak bidaltzeko... denetarako erabili zuten trena eskualdeko herritarrek.
Hala eta guztiz ere, arazo ekonomikoak argudiatuta, duela 40 urte egin zuen trenak azken bidaia; hain zuzen ere, 1986ko uztailean. Trenaren itxierak min handia eragin zuen bailaran. Manifestazioak eta borrokak ez ziren nahikoa izan trena bizirik mantentzeko, eta haren desagerpenak, eskualdeko bizitzan ez ezik, hutsune handia utzi zuen memoria kolektiboan ere.
Urolaren azken bidaiatik 40 urte bete direnean, Guka kalera atera da, herritarrei zer oroitzapen dituzten galdetzera. Oro har, guztiek gauza politak dituzte gogoan trenari lotuta, eta gehienek pena handia hartu zuten kendu zutenean.
1988ko otsailaren 2an eman zuen Eusko Jaurlaritzak Urolako trena ixteko agindua. Trena berriz martxan jartzea zaila izango den arren, askoren memorian iltzatuta geldituko dira betirako tren hartan bizitakoak.