Venezuelara eta Afrikara bideratuko dute bihar txekor eta hegaluze pintxoekin lortzen duten dirua

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 24a

Hainbat lagun iaz pintxoak prestatzen plazan. (Andoni Elduaien)

Bihar, Santio egunez, pintxoak salduz biltzen duten dirua bi lankidetza proiektutara bideratuko du Parrokiako taldeak. 

Larunbatean, Santio egunez, Misio taldeko kideek txekor erre eta hegaluze pintxoak salduko dituzte eguerdi partean plazan. Pintxoak salduz biltzen duten dirua bi lankidetza proiektutara bideratuko du Parrokiako taldeak: batetik, Venezuelara, Fe y Alegria elkartearen eta Alboan fundazioaren bidez; eta bestetik, Afrikara, Misiones Salesianas erakundearen bidez –Mikel Garmendia misiolari azpeitiarra izango da bitartekaria–. 

Azpeitiko Parrokiako Misio taldeak "bihotzez" eskerrak eman dizkie urtez urte pintxoak erosita halako proiektuak laguntzen dituzten herritarrei. "Zuen elkartasunari esker, halako proiektuek aurrera egiten jarraitu ahal izango dute", zehaztu dute taldeko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide