Festa batzordeetako ordezkariek txupinazoa botata, San Inazio jaietan murgildu da Azpeitia, eta ordutik aurrera, arrosa koloreko mareak hartu du herria. Eguerdi partean jai giroari ekiteko ekintzak izan dira, besteak beste musikari lotutakoak, eta 15:00etan, sabelak betetzeko ordua iritsi da. Haujijijaik antolatuta, herri bazkaria izan da plazan, eta guztira, 700 lagun baino gehiago elkartu dira. Ohi bezala, paella izan dute bazkaltzeko, eta edari freskoak jatekoari laguntzeko. Bero egiten zuen arren, bakoitzak bere trikimailuak baliatu ditu horri aurre egiteko: abanikoak, eguzkitakoak, betaurrekoak, txapelak... denetarik ikusi da gaur plazan, baina batez ere, kolore arrosa eta giro aparta nagusitu dira.