Albistegia

Arrosaz jantzita eta jai batzorde herrikoiei aitortza eginda hasi dira saninazioak

Maialen Etxaniz - Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 30a

Plaza arrosa kolorez jantzita eta Azpeitiko festa batzordeek botatako txupinazoarekin hasi dira 2026ko saninazioak, eta hiru egunez eta hiru gauz festak ez du etenik izango. Errebaleko eta Haujijijai batzordeetako kideek irakurri dute mezua, eta Landetakoek piztu dute suziria. Gainerako talde guztietako ordezkariak ere izan dira udaletxeko balkoian festei hasiera emateko. Nagore Alkorta alkateak han elkartutakoen lana eskertu du, eta gogoan hartu ditu munduan zehar askotariko sarraskiak jasan dituztenak eta herrian egon ezin dutenak. 

Urtero bezala, 12:00ak jotzerako jendez bete da plaza, eta eguerdia baino zertxobait lehenago atera dira udaletxeko balkoira festa batzordeetako eta udaleko ordezkariak. Suziria bota aurreko hitzartzean, jai herrikoien ekarpena nabarmendu dute batzordeetako kideek eta adierazi dute txupinazoan ordezkatuta daudela jai, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituztenak. Era berean, aitortza egin diete adin eta belaunaldi desberdinetako kideei. Jai herrikoietan inolako zapalkuntzarik eta erasorik ez dutela onartuko esanez borobildu dute hitzartzea. Eta suziri zaparradarekin batera hasi da festa. Herritarrek eta jaian era batera edo bestera parte hartuko dutenek gogoz hartu dituzte saninazioak.  

Festa hasi besterik ez da egin. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide