Bizikletaren gainean trebe ibili dira gaztetxoak

Aitziber Arzallus

Arauntza Riders taldeak bideratuta, 6 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek ginkana egiteko aukera izan dute Bustinzuriko Errebalean, eta bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika tailerra ere jarri dute Olazko Amaren Plazan.

Europako Mugikortasunaren Astearen barruan, udalak bi jarduera antolatu zituen gaur arratsalderako. Batetik, 6 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako ginkana Bustinzuriko Errebalean; eta bestetik, bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika tailerra Olazko Amaren Plazan. 17:30etan hasi eta pare bat orduz gauzatu dituzte bi jarduerak, Arauntza Riders taldeak bideratuta, eta bertaratu diren umeek eta gaztetxoek arratsalde atsegina igaro dute bizikletan aurrera eta atzera. 

Mugikortasunaren Astearen barruko ekintza gehiago ere izan dira astean zehar herrian. Besteak beste, joan den asteartean metrominutu panelak aurkeztu zituen udalak, eta ostegunean, berriz, bizikletak doitzeko eta konpontzeko aukera izan zuten herritarrek, aldundiak plazak jarritako postuan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide