Txisteraken antolatzaileak "oso-oso gustura" gelditu dira X. edizioaren emaitzarekin

Nerea Uranga

Urtemuga borobila ospatuz egin dira aurten Txisteratik egun magikoak Azpeitian, joan den ostegunetik atzora bitartean. Era askotako ikuskizunek osatu dute hamargarren edizioko egitaraua, eta antolatzaileak "oso-oso pozik" gelditu dira magia emanaldiek izandako harrerarekin. "Kalean jende asko bildu dugu eta Basazabal eta Soreasu aretoak bete ditugu", azaldu du Iago Azkue Txisteratiken antolatzaileak eta parte hartzaileak.

Atzo, igandea, arratsaldean bukatu zen Txisteratik egun magikoen X. jaialdia, Maria Arandia magoak Basazabal jauregian eskaini zuen ikuskizunarekin. Basazabalgo beheko solairuan egin zuen magia saioa, eta jendez bete zen. "Ez genuen espero hainbeste jende biltzea igande arratsaldez eta areto barruko gertuko magia saio batean. Maria Arandiaren emanaldiak, ordea, Basazabal bete egin zuen eta gainera oso ondo atera zen emanaldia", azaldu du Iago Azkue Txisteratik jaialdiaren antolatzaile taldekoak eta parte hartzaileak.

Txisteratik jaialdiaren hamargarren edizioa egin dute aurten, eta urteurren borobila berezia izatea nahi izan dute, baita lortu ere. Joan den ostegunean hasita, lau egunetan egin dute Txisteratik, eta egun guztietan egindako emanaldiek "harrera bikaina" izan dute. Ostegunean, Iagomagok berak eskaini zuen Etorri eta ikusi ikuskizuna Haginpe tabernaren atarian. "Jende asko bildu zen magia saioa ikustera eta korro dezentea osatu zen, giro ederra sortuz", gogoratu du emanaldia Iagomagok.

Ostiralean, gertuko magia ikuskizuna egin zuten Dinamoa sormen gunean, eta emanaldirako sarrerak bezperan agortu egin ziren. "Inoiz baino jende gehiago elkartu ginen gertuko magia ikuskizunean, eta gainera, munduko magia txapeldun baten hitzaldiaz gozatzeko ohorea izan genuen Dinamoan elkartutakook".

Jaialdiko egun nagusia, berriz, larunbatean izan zen. Goizean magia poteoa eta kaleko magiaren lehiaketa izan zen Alde Zaharreko kaleetan: Arratsaldean, Julen magoaren Xinestezina emanaldia Basazabal jauregian, eta segidan, Gala Nagusia Soreasu antzokian. Kaleko magia saioak eta Artisau Azokak bat egin zuten plazan, eta horrek giro berezia sortzea eragin zuelako pozik daude Txisteratiken antolatzaileak. Arratsaldeko Julen Magoaren emanaldian, berriz, Basazabaleko aretoa txikia gelditu zen. Soreasuko Gala Nagusiarekin ere oso gustura gelditu dira, ikuskizunera joandakoak gustura gelditu zirelako. "Galara joandako batzuk adierazi digute orain arteko onenetakoa izan zela gala. Kontuan hartu behar dugu parte hartzaileen artean magiako munduko bi txapeldun izan direla. Gala oso ona eta liluragarria izan zen", azaldu du emanaldian aurkezle lanak egin zituen Iagomagok.

Behin hamargarren edizioa bukatuta, hurrengoari begira hasi beharko dute Txisteratik egun magikoen antolatzaileek. Aurtengoarekin, behintzat, "oso-oso gustura eta pozik" gelditu dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide