Nagore Aranburu aktore azpeitiarra protagonista den Salitre filmak mundu mailako estreinaldia egin du Sitgesko Nazioarteko Fastasiazko Zinema Jaialdian, eta Sail Ofizialean ari da lehian. Norma Vila zuzendari bilbotarraren lehen film luzea da, eta asteazkenean, hilak 14, egin zuen estreinaldia Sitgesen. Hurrengo hitzordua Donostian izango du filmak: urriaren 30ean irekiko du Donostiako 37. Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea.
Salitre beldurrezko filma da, eta amatasuna eta ama-alaben arteko harremana ditu ardatz. Aranburuk Maiteren papera egiten du; alabari, Nereari, oso lotuta bizi den emakumea da Maite. Haizea Carneros aktoreak gorpuzten du alaba.
Istorioa itsaslabar baten ertzean dagoen etxe batean gertatzen da. Nereak Bartzelonara joan nahi du artea ikastera, baina alabaren erabakiak amaren mundua astinduko du. Maite abandonuaren beldur izango da, eta, pixkanaka, presentzia kezkagarri bat azalduko da etxean. Beldur psikologikoaren bidez, amatasunaren, galeraren eta askatzen jakitearen inguruko gaiak lantzen ditu filmak.
Aranburuk hainbat sari jaso ditu azken urteotan egindako lanagatik. 2026an, Goya saria eta Feroz saria irabazi zituen Los domingos filmagatik, bigarren mailako emakumezko aktore onenaren kategorian. Aurretik, 2025ean, Feroz saria ere jaso zuen Querer telesaileko emakumezko aktore protagonista onenaren kategorian.