Iazko arrakasta ikusita, aurten ere euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan oinarritutako Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatuko dute Azpeitian, guraso talde batek antolatuta, udalaren, Juan Antxieta musika eskolaren, Itsasi dantza taldearen eta Bertan merkatari elkartearen laguntzarekin. Bihar, urriak 31, izango da hori, eta19:00etan plazan jarri dute hitzordua.
Aurrena, mozorroak soinean eta kalabazak eskuetan, Alde Zaharrean barrena kalejira egingo dute, traktore eta guzti, eta trikitilariek lagunduta. Antolatzaileek arabera, kalejiran doazen bitartean zein atzera plazara iristean, ipuinak entzuteko, antzerki bat ikusteko, gaztainak jateko, beldurrak sutara botatzeko eta dantza egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Ondoren, berritasun bezala, azoka plazan afaltzeko aukera izango dute hala nahi dutenek; hori bai, norberak eraman beharko du janaria. Iluntzea girotzeko musika jartzeaz Xabifesf DJa arduratuko da, 22:00ak artean.
Gaur, berriz, jantziak prestatzeko eta kalabazak husteko tailerra egingo dute Txiki Txoko eta Iturritxiki ludoteketako hezitzaileen laguntzarekin, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan 17:15ean hasita. 0-7 urte bitarteko haurrek helduek lagunduta joan beharko dute; 8-12 urte bitartekoak, berriz, bakarrik joan ahalko dute. Tailer horretara oihal edo izara zuriak eramatea komeni dela aurreratu zuten, baina materialik ez duten haurrentzat bertan ere egongo dela. Maskarak egiteko aukera ere izango da tailerrean. Parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman beharko dute lotura honetan.
Hona hemen gaurko eta biharko prestatu duten egitaraua.
Gaur, ostirala
- 17:15-19:15. Gau Beltzerako mozorroa egiteko eta kalabazak husteko tailerra, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan.
Bihar, larunbata, Gau Beltza
- 19:00. Kalejira Alde Zaharrean, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariekin. Bidean, gaztaina jana eta ipuin kontaketa saioa.
- Plazara itzultzean, Itsasiko kideekin dantza herrikoia egingo dute eta beldurrak sutara botako dituzte.
- Segidan, lurrari atseden emateko, ipuin antzeztua egingo dute.
- 20:30-22:00. Herri afaria Azoka Plazan, Xabifest DJaren musikak girotuta. Jan-edana norberak eraman beharko du.