Bigarren Gau Beltza ospatuko da bihar, larunbata, Azpeitian 19:00etan kalejira hasita. Gau Beltzerako prestatzeko kalabazak husten, jantziak prestatzen eta maskarak egiten jardun dute dozenaka haurrek eta helduk Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Txiki Txoko eta Iturritxiki ludoteketako hezitzaileen laguntza izan dute, baina elkarri laguntzen ere ibili dira haurrak.
Bihar Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatuko dute, guraso talde batek antolatuta, Azpeitiko Udalaren, Juan Antxieta musika eskolaren, Itsasi dantza taldearen eta Bertan merkatari elkartearen laguntzarekin.
Honakoa da biharko egitaraua:
- 19:00. Kalejira Alde Zaharrean, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariekin. Bidean, gaztaina jana eta ipuin kontaketa saioa.
- Plazara itzultzean, Itsasiko kideekin dantza herrikoia egingo dute eta beldurrak sutara botako dituzte.
- Segidan, lurrari atseden emateko, ipuin antzeztua egingo dute.
- 20:30-22:00. Herri afaria Azoka Plazan, Xabifest DJaren musikak girotuta. Jan-edana norberak eraman beharko du.