Albistegia

Errebantxaren aitzakian, Frontoi Txikia berriz ere leporaino bete dute

Aitziber Arzallus

Iazko Ardo Egunean, lagunarteko pilota apustu batek sekulako ikusmina sortu zuen herritarren artean, Frontoi Txikiko harmailak jendez estaliz, eta zapatuan, iazkoaren errebantxak, iazkoaren pareko irudiak utzi zituen. Zestoarrak eta Azpeitiarrak dira nor baino nor aritu ziren pilotariak, jarraitzaileei dagokienez behintzat profesionalen inbidiarik behar ez luketenak.

Pilota jaialdi profesionalen inbidiarik gabe, lagunarteko apustu batek Frontoi Txikia leporaino bete zuen zapatu eguerdian. Ez zen hori egiten zuten lehen aldia, iazko Ardo Egunean jokatutako apustuaren errebantxa izan baitzen larunbatekoa, eta iaz Frontoi Txikiko harmailak goraino bete bazituzten, aurtengoan ezin gutxiago izan. Zestoarrak eta Azpeitiarrak dira nor baino nor aritu ziren pilotariak.

Bi partidak osatu zuten jaialdi tankera hartu zuen errebantxa. Aurrenekoa giroa berotze aldera antolatutako norgehiagoka izan zen; baina zer izaten diren gauzak, bigarrena baino lehiatuagoa eta estuagoa izan zen, eta harmailak ederki piztu zituen. Hain zuzen ere, alde batetik, gorriz, Aranba eta Alto aritu ziren; eta bestetik, urdinez, Mikelarmen eta Liam. 

Bigarren partidan, berriz, errebantxakoan, Ibai Uzkudun Trukuman zestoa eta Mikel Andreu azpeitiarra kantxaratu ziren. Iaz Andreuk irabazi zuen partida, Trukuman 17 tantotan utzita, eta horri buelta eman eta ohorea berreskuratzeko intentzio guztiarekin atera zen zestoarra. Andreu, ordea, ez zegoen ezer barkatzeko prest, estu hartu zuen arerioa, eta azkenean, iaz baino alde handiagoz irabazi zion; 22-12 hain zuzen. 

Ikusteke dago hurrengo urtean hirugarren zatirik izango duen lagunarteko apustuak, baina dudarik ez dagoena da, egoten bada, harmailetan zain izango dituztela herritarrak, jarraitzaile finenen gisan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide